Arantxa IDIEDER
Kazeta___korrika_11az
Selfie guttiago, Klika gehiago

Arantxa Idiederrek Korrikaren begirale izaten segitzen du, bi egun eskas direnean lokarri handi hori Gasteizera heltzeko.

12/04/2019 06:55 | 0 commentaires

Kasik 2.000 kilometro egin ditu Korrikak. Lekukoak senditu ditu zonbait esku bero, hunkituak, izerditan blai. Jakin nahiko nuke, zer duten buruan, lekukoa atxikitzen dutenek. Aurten bi aldiz hartu dut, zortea nirekin. Bainan ezin esplikatu zer bizitzen den airean eramaterakoan mezulari hori. Gertatzen dena buruan ala gorputz barnean, momentuan, poza bai, bainan sustut ardura, osoki heldu dadin bere helmugara mezua. 

Batzuen kasuan, dirudienez garrantzitsuena da haien aurpegia erakustea "egur-puska-polit-folkloriko" hori eramaten. Haien telefonoarekin korrika egiten ari direnak ehundaka izan dira aurten, eta mikroan aski errana izan zaie "zure telefonoa utzi, argazki ofizialak izango dituzu". Korrikak festa eder batean elkartzen gaitu, bainan, festan tarteka gomitatu nahi ez zenituzkeen batzu heldu dira, egon behar den lekua delako zure ospakizun hori. Korrikan, gertatzen dira holakoak, badakizu lekuko eramaile horrek urte osoan ez duela inoiz Klika egiten. Alta hor da, eta bere telefono berriarekin kriston selfie-ak egiten ahal ditu. Holakotan beharrik, herriaren erantzuna esku-zarta murriztuan ere entzuten da.