Kazeta

Igandeko lanaz eztabaida izanen da Baionan

Euskal Herria Bai mugimendu ezkertiar abertzaleak “Igandeko lana, ze erronka jendartearentzat?” galderaren inguruko konferentzia bat antolatu du apirilaren 13an Baionan.

Otsailaren 17an Angeluko Casino saltegian egindako elkarretaratzea. @EHBai.
Otsailaren 17an Angeluko Casino saltegian egindako elkarretaratzea. @EHBai.

Baiona-Angeluko EH Bairen ekimenez, apirilaren 13an larunbatarekin igandeko lanari buruzko konferentzia bat eginen da Baionako gaztetxean. Arratsaldeko 17:00etan hasiko den solasaldirako gonbidatua Jean-Yves Boulin soziologoa izanen da. Denboraldi sozialen antolaketan aditua, “Les batailles du dimanche” (PUF, 2017) liburuaren idazleetariko bat da Boulin.

Konferentzian zehar, igandeko lanari loturiko hainbat gai mahai gaineratuko dira. Errate baterako, kontsumitzaileei zer motako jendarte eredu proposatzen zaien, lan egin behar izateak saltegi handietako langileei nola eragiten dien edota bizi eredu horrek nolako aisialdi mota iradokitzen duen.  

Otsailaren 17an eta martxoaren 24an EH Baik elkarretaratzeak egin zituen, hurrenez hurren Angeluko Casino eta Leclerc saltegien aitzinean. Gisa horretan igandetan lan egitea baztertzeko aldarrikatu zuten bildutakoek, “gibelapen soziala” delako eta ekonomiarentzat onurarik ez duela ohartarazteko.