Maite UBIRIA

Beren aldarrikapenei eutsi diete txaleko horiek Hendaian

Txaleko Horiek justizia sozialaren aldeko aldarrikapenak kalera atera zituzten Hendaian martxoaren 30ean. Orotara, 300 bat lagun elkartu ziren hiriko karrikak zeharkatu zituen mobilizazioan.

Txaleko Horien mobilizazioa, Hendaian.
Txaleko Horien mobilizazioa, Hendaian.

"Ez gara aski peajea oztopatzeko". Bozgorailua eskutan, larunbateko mobilizazio egunaren arrazoiak azaldu zituen manifestariak argiki adierazi zuen denen ahotan zegoen sentimendua. 300 bat lagun elkartu ziren 11.30ak aldera Itzura (Joncaux) auzoan dagoen merkatal gunean, Naiz atariak azaldu duenez.

Indarrak mugatuak zirela ikusita, hitzartze labur baten ondotik, ibilbidea aldatzea erabaki zuten. Pausu aldera joan beharrean, hiriko karrika nagusietatik gaindi abiatu ziren.

Manifestazioaren buruan hastapenetik Txaleko Horiek justizia fiskala, zerbitzu publikoen defentsa, iruzur fiskalaren salaketa eta herritarrek bultzaturiko erreferendumaren gisako aldarrikapenak egin zituzten.

Macronen kontrako kantuak errepikatu zituzten etengabe. "Hemen gaude, Macronek hala nahi ez badu ere" eta "Ez dugu amore emango" izan ziren gehien entzun ziren oihuak.

Tarteka, manifestazioaren aitzinean bengalak piztuta eraman zituzten lagunek margoketak egin zituzten bidean. Poliziak ondoan baziren ere, ez zuten aparteko arazorik izan beren kexa adierazteko.

"Zerbitzu publikoak denon artean defenda ditzagun" leloa zuen banderola ezarria zegoen Herriko Etxearen aurrealdean eta bertan geldiunea egin zuen martxa horiak.

Handik, Herri Xabaleta auzora jo zuen mobilizazioak, ondoren itsasoranzko ibilbidea hartuz. Protesta egitearekin batera, lagun arteko egun atsegina igarotzea buruan zuten manifestari askok. Are gehiago kontuan hartuta haien artean Landetatik heldutako hainbat lagun bazirela. Hondartza auzoan atseden hartu zuten, eguzkipean mokadu bat hartzeko. Indarrak biltzeko keinua, heldu den asteotan berriz ere karriketara ateratzeko asmoa baitute.