Langileen protesta eta Estatu idazkariaren promesak Saran

Saran elkarretaratutako eragileek, Olivier Dussopt Frantziako Kontu Publiko eta Ekintza ministroaren Estatu idazkariari beren arrangurak helarazi nahi izan zizkioten, Estatua zerbitzu publikoetan gauzatzen ari den murrizketak direla eta.

Kazeta|26/03/2019 13:55|0 commentaires
Img_1561
Finantza publikoetako langileak protestan Sarako Lurberri gelaren aitzinean. © MEDIABASK

Joan den martxoaren 23an finantza publikoetako intersindikalak Olivier Dussopt Frantziako Kontu Publiko eta Ekintza ministroaren Estatu idazkariaren bisita baliatu zuen bere kexak eta aldarrikapenak egiteko. Pirinio Atlantikoetako auzapez eta elkargo presidenteen elkartearen (ADM64) biltzar nagusia egin zen gelaren aitzinean hogei bat langile elkarretaratu ziren, tokiko zerbitzu publikoak manten daitezen galdegiteko.

Urtarriletik, eragileak seigarren greba egunean ziren Pirinio Atlantikoetan. Protestarekin bulegoen hestea eta lanpostuen suntsiketa salatu nahi izan zituzten eta badirudi mobilizazioak luzerako joko duela, “gobernuak murrizketak biderkatu nahi dituelako”, erran zuen Eric Manry CGTren ordezkariak.

Biltzarrera sartu aitzin, Olivier Dussoptek erran zuen Gobernuaren norabidea erabiltzaileekin harremana izateko leku gehiago jartzea dela, baita tokiko hautetsiekin lankidetza hobetzea ere. Horretarako, esparru batzuetan estatuaren zerbitzuak berregokitzeko beharra plazaratu zuen, leku bakar batean hainbat zerbitzu batzeko. Bere arabera, astean bi egun erdiz ideki beharrean, leku hauek iraunkorki idekiak egongo lirateke.

Sinesgarritasun gutxi

Ondoko erreformez xehetasun gehiago eskatzen dituzten auzapezei erantzunez, 2022rako finantza publikoen zerbitzuen mapa bat eginen dela iragarri zuen Dussoptek, “egun ez gauden lekuetan gure presentzia segurtatzeko helburuz”. Adierazpen hauek Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezaren aitzinean egin zituen, hau konbentzitu ez bazuen ere, berriki Hendaiako altxor publikoa hetsi behar izan baitute.

Lau auzapezetik hiruk izenpetu zuten sindikatuen petizioa. Departamenduko zuzendaritzara igorriko dituzte. Izan ere, joan den ostiralean Pauen sindikatuetako ordezkarien eta Olivier Dussopten kabineteburuaren arteko bilkurak ez zituen grebalariak lasaitu. Entzunak izan ez balira bezala atera zirela diote eta horregatik, ez dute sinesten estatu idazkariaren promesetan.