Kazeta

Altsasu igandeko mobilizazio handirako prestatzen ari da

Martxoaren 24an eguerdiko 12:00etan herria bete nahi duen mobilizazioa eginen da Altsasun, "Hau ez da justizia, Altsasukoak aske" lemapean. Espainiako Auzitegi Nazionalak erabakitako azken epaia kolpe gogorra izan bada ere, zigorturiko gazteekiko elkartasun mugimendua ez da geldirik. Aktibitate azkarrean dira herrian, baina baita Euskal Herriko mugetatik kanpo ere.

Altsasuko zortzi atxilotuen aldeko ekimena iruditan. (@altsasugurasoak)
Altsasuko zortzi atxilotuen aldeko ekimena iruditan. (@altsasugurasoak)

“Guzia ematen ari gara, berriz ere topera”, dio Aritz Leoz Altsasukoak Aske plataformako kideak. Zortzi gazte altsasuarren kontrako zigorraren baieztapenari eman beharreko erantzuna oraingoan herrian berean izanen da. “Horrek bereziagoa eginen du. Milaka dira gugatik borrokatu diren pertsonak eta haietariko gehienak ez dira hemen izan. Ez dute herria ezagutzen. Oraingoan etxean jokatuko dugu”.

Iazko apirilean eta ekainean Iruñean izandako bi mobilizazio handiak berdintzea zaila izanen da. Besteren artean, epaiketarekin eta epaiaren ondorengo atxiloketekin bat egin zutelako. Bigarrenean 60.000 eta 80.000 lagun artean bildu ziren. Altsasun ere 10.000 pertsona bildu zituzten, herriak duen 7.000 biztanleko kopurua gaindituz. Mobilizazio hori gertaeretatik hilabete eta erdira antolatu zen eta “justiziaren aldeko” borroka honen abiapuntua ezarri zuen.

Jende guziarentzat lekua

Leozek aitortu duenez, autobusen antolaketarekin kaos puntu bat izaten ari dira. “Badakigu Gijonetik, Madrildik, Kataluniatik eta Euskal Herriko beste txoko ainitzetatik heldu direla. Baina ez dugu aitzineko aldian genuen kontrolik”. Sare sozialetan erantzun azkar bat izanen dela iragartzen da, jende andana batek azaldu baitu bertaratzeko asmoa.

Mobilizazioa mundu guziarentzat irisgarria izatea nahi dute. “Mugikortasunean mugatuak diren pertsonekin pentsatu dugu, entzumen zailtasunak dituztenekin... Jende guziak izan behar du bere lekua”, jakinarazi du plataformako kideak.

Altsasuko Koxka ostatuan gertatu zena azaltzeko aukera baliatu nahi dute antolatzaileek. Haien asmoa da egun hartako gauean gertatu zenetik gaur arteko guzia kontatzea. Altsasukoak Aske plataformatik ez dute buruan duten ideia aurreratu, baina “lehenago egin ez den zerbait” izanen dela iragarri dute.

Madril, Geneva, Brusela...

Prestaketak ez du etenik. Adurren aita den Antxon Ramirez de Alda preso politiko kataluniarren askatasuna galdegiteko Madrilgo mobilizazioan izan zen. Bertan erran zuen Altsasuko borroka ez dela galdua, elkartasunaren beharra izaten segitzen dutela eta sakonean, borroka hau oinarrizko eskubideen defentsan oinarritzen dela.

Amaia Izko, Ainara Urkijo eta Jokin Unamunoren abokatuak berriz, joan den astean Nazio Batuetan hartu zuen hitza, Genevan eskubide zibil eta politikoen inguruan burutu zen kongresuan.  

Bestalde, martxoaren 20tik 22ra Bruselan izan dira Altsasuko gazteen hiru buraso eta Aritz Leoz plataformako kidea bera. Europar Parlamentuan mintzatu ziren lehenik, Podemos, EH Bildu, PNV, ERC, BNG eta IU alderdien babesarekin. Beste herrialdeetako parlamentari ainitz hurbildu ziren beterik zen gelara.

Ostegunean Jan Jambon Belgikako barne ministro izandakoarekin bildu ziren eta arratsaldean, delegazioak ICEC (International Comission of European Citizens) nazioarteko batzordeak antolaturiko jardunaldietan parte hartu zuen. Martxoaren 22an berriz, Belgikako langileen alderdiarekin (PTB-PVDA) biltzekoak ziren, Euskal Herrira itzuli aitzin, igandeko manifestazioari begira jartzeko.

Altsasu Gurasoak taldearen baitan izan diren azken aldaketei dagokienez, Bel Pozuetak bozeramaile lanak utzi ditu, Espainiako Kongresurako hauteskundeetarako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua izatea onartu baitu.