Kazeta

Trantsizio energetikorako Paktuaren emaitzak eman ditu Bizi!-k

2014an Ipar Euskal Herriko 30 herrik trantsizio energetikorako Paktua izenpetu zuten. Herri hauteskundeetarako urtebete gelditzen honetan, Bizi! mugimenduak “Hitza Hitz” txostena publikatu berri du. Ondorio gazi-gozoak atera eta inplikazio handiagoa galdegin dute.

Izpurako Herriko Etxeak 2014an bederatzi ekintza izenpetu zituen. ©Gaizka Iroz
Izpurako Herriko Etxeak 2014an bederatzi ekintza izenpetu zituen. ©Gaizka Iroz

“Hitza Hitz” du izena Bizi! mugimenduaren baitako Trantsizioa batzordeak. 2014an 30 herrik izenpeturiko trantsizio energetikorako Paktuaren segimendua egiten duen guneak lurraldean klimaren inguruko engaiamenduaz bere bigarren txostena publikatu du.

2014an asmo onak izan baziren ere, txostenak dio 2018an engaiamendu horien garapena oro har ahula dela. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren laurdena ordezkatzen duten herriek hirigintzaren planifikazioan, mugikortasunean, hondarkinen lanketan, laborantzan edo elikadura arloan ekintzak plantan emateko desafioa zuten. Horien artean, Bokale eta Baiona dira engaiamendu gehien hartu zituztenak, 40 eta 35, hurrenez hurren. Kanbok 29, Urketak 17 eta Mugerrek 11. Haatik, Lekorne eta Muskildi dira biztanle kopuruaren arabera eredugarrienak direnak.

Lekorne, “eredugarria”

Batzordearen arabera, barnealdeko bi herriak “aurrerakoienak” dira. “Trantsizioan parte hartzeko borondate politikoaren garrantzia erakusten du honek”. “Herri ttipienek ere bitarteko mugatuekin emaitza garrantzitsuak lortzen ahal dituzte”, dio Hitza Hitz taldeak. Lekorneko talde munizipalaren eta bereziki auzapezaren lana txalotu du mugimendu ekologistak. “2016ko ebaluazioarekin konparatuz, 2018koan bere ekintza guzietan aitzinamendua nabarmena izan baita”.

Lucien Betbeder Lekorneko auzapezaren ustez, “borondatea eta nahia baldin bada, ez da zaila”. Eusko monetaren erabilera, Enercoop energia berriztagarrien hornitzailea edo gauerdia eta goizeko bostak artean argiak itzaltzea izan dira neurrietako batzuk. Elikaduraren arloan, pestizidak eta produktu fitosanitarioak debekatu dituzte eta bio-laborantza erdigunean ezarri dute, kantina berriaren produktuen abantzu %100 biologikoa eta tokikoa delarik.

Izpurak ez ditu engaiamenduak bete

Hitz Hitz batzordearen arabera, Baxe Nafarroako herriak 2016an ere ez zuen ebaluazioan parte hartu. “Trantsizio ekologikoarekiko halako interes falta zinez deitoragarria da”, diote. Izpurako Herriko Etxeak 2014an bederatzi ekintza izenpetu zituen, baina ez du bat bera ere betetzea lortu.

“Ez nuen ideiarik eginkizun honen hedaduraz”, erran du Claude Barets auzapezak. “Paktua izenpetu genuen, gure xedea zen. Baina azken bi urteetan helburu hauek betetzeko zailtasun ainitz izan ditugu, bereziki Euskal Elkargoaren inplementazioan aritu garelako. Denbora eskatu digu eta gaineratekoari itzala egin dio”, argudiatu nahi izan du. Bere hitzetan borondate politikoa bere horretan da: “hastapenetik engaiatuak baldin bagara, prest garela erran nahi du”, adierazi du.

Kostaldeko zenbait adibide

Kostaldeari dagokionez, Angelu aitzinatze arinean dela dio Hitza Hitz batzordeak. Hiriak trantsizio ekologiko eta energetikorako “interes iraunkorra” agertu omen du. Alta, Bizi! harriturik da “Angeluko hiriarentzat Eusko moneta ez delako egokia eta bere inplementazioaz Elkargo mailako eskalaz aritzen delako”. Edozein gisaz, Pirinio Atlantikoetakoetako Departamenduan lurralde bio izendatu den hiri bakarra da, eskoletako jangeletako produktuen %20 biologikoak direlarik.

Baionak klima-energiari loturiko ekintzen ebaluazio orriak bete ez baditu ere, garapen jasangarrian txostena igorri duen bakarra izan da. Mugimendu ekologistaren arabera, “garapen jasangarrirako bere proiektuaren bidez, estrategia global eta koherente bat ezartzeko borondatea erakusten du honek”. Lapurdiko hiriburuak Eusko monetarekiko hartu duen “engaiamendu azkarra” ere txalotu du Bizi!-k eta baita zenbait eraikin publiko %100 energia berriztagarrien bidez hornitu izana ere.

Klima eta energiarako tresna kutxa

2012an Bizi!-ren baitan sorturiko Trantsizioa lan taldearen helburua zen 2014ko hauteskundeak tokiko klima eta energia politikarako erresonantzia mementoa bilakatzea. 2012ko irailetik 2013ko martxora arte, talde hau “tresna kutxa” bat sortzeko lanean aritu zen, hautagai zerrenda guzientzat txosten praktiko eta pedagogikoa izan nahi zuena. 13 gaietan banaturik, 53 ekintza biltzen zituen dokumentuak.

“Jabetzen gara ahaleginak egin direla. Alta, tresna kutxan oinarriturik (53 ekintza), Paktua izenpetu zuten 30 herriak proposaturiko etapen %23 gainditzera engaiatu ziren, baina gaur arte oraino ez dute kopuru hori gainditu”, dio txostenak.

Agintaldia bukatzeko urte bat gelditzen delarik, ondorio orokorrak ateratzeko mementoa izanen da, baina gauza segurua da trantsizio ekologiko eta energetikorako eskaerak eta neurrien aplikazioa ondoko urteko herri hauteskundeen debatearen erdian izanen direla.