Iurre BIDEGAIN

Irisarriko eskola blokeaturik hezkuntza elebidunaren alde

Irisarriko eskola publikoko burasoek zentroa blokatu dute martxoaren 19 honetan. Hezkuntza Ministeritzak ama eskolan murgiltze sistema plantan ezartzea errefusatu die.

Mendibeko eskola blokatu zuten burasoek martxoaren 18an. ©Guillaume Fauveau
Mendibeko eskola blokatu zuten burasoek martxoaren 18an. ©Guillaume Fauveau

Hitzetatik ekintzetara pasa dira Irisarriko eskola publikoko burasoak. Ama eskolan murgiltze sistemarako proiektu bat galdegin diote Hezkuntza Ministerioari eta honek, bere aburuz onargarriak ez diren argudioak direla medio, eskakizuna ezeztatu du. Hori dela eta, eskolako atean planto egin dute eta zentroa blokatuko dute martxoaren 19an.

2008az geroztik, eskola elebidunek inmersio plana plantan emateko parada dute ama eskoletan. Horretarako, eskolako langileen onarpenaz gain, Herriko Etxea eta buraso guztiak ados egon behar dira. Irisarrin denek bat egin dute, hain zuzen.

Irisarrikoaz gain, Ainhoako zein Angeluko Edouart Herriot eskolek ere eskaera berdina egin diote Parisi. Azken honek, eskaera guztiak errefusatu ditu euskarazko irakasle eskasiarengatik. Céline Etchebarne IkasBi elkarteko langileak azaldu duenez, Irisarriren kasuan, frantsesezko postu-erdia euskarazko postu-erdi bat bilakatuko litzateke. Hots, ez lukete beste irakasle baten beharrik izanen.

Halaber, Hezkuntza Ministerioak dio murgiltze sistemaren inguruko ikerketa bat beharrezkoa dela eta ondorioak soilik hemendik hiru urtera jakitera emanen direla. "Gaur egun, 19 eskolek plan hori plantan eman dute eta ez du bakar batek ere gibelera egin. Horrek erran nahi du, ongi martxatzen dela", aipatu du.

Ahatsan ere kexu

Irisarrikoa ez da aste honetan iragan den ekintza bakarra. Astelehenean, Mendibe eta Ahatsako eskola bateratuko burasoek zentroa klaseka blokatu zuten, heldu den urtean izanen den gehiegizko ikasle kopurua salatzeko. Hain zuzen, eskola karta berriak argitaratu duenez, frantsesezko postu-erdi bat murriztuko dute. Hori dela eta, bost maila ezberdinetako 27 ikasle egonen dira gela berean.

Gainera, euskaraz ikasten dutenen taldeak frantsesez ikasi nahi duen ikasle bat errezibitu beharko du. "Irakasleak, bortxaz, frantsesez hitz egin beharko du berarekin. Hamabi orenez euskara entzun behar duten gazteek eraginak nabarituko dituzte", deitoratu du langileak. Horrek burasoen "kezka" piztu duela gehitu du.

IkasBik Hezkuntza Ministerioaren erabakiak deitoratu ditu, horiek euskarazko hezkuntzarako kaltea ekarriko dutelako. "Kalitatezko hezkuntza bat ziurtatzen duten baliabideak galdegiten ditugu, besterik ez", nabarmendu du.