Kazeta

Emazteen lekua politikan: irauli beharreko argazkia

Euskal Elkargoak martxoaren 16an egindako kontseiluan emazte eta gizonen arteko berdintasunari buruzko txostena presentatu zuen. Berdintasunetik aski urrun den azterketa honen aitzinean, Ipar Euskal Herriko bizi politikoan emazteek behar duten ordezkaritzarako kuota baten ezartzeak eztabaida piztu zuen hautetsien artean.

Euskal Elkargoko erabaki guneetan gizonen nagusitasuna nabarmena da. © Isabelle MIQUELESTORENA
Euskal Elkargoko erabaki guneetan gizonen nagusitasuna nabarmena da. © Isabelle MIQUELESTORENA

Bada urte bat Euskal Elkargoak tokiko bizian emazte eta gizonen arteko Europako Berdintasun Karta izenpetu zuela. Horren karietara, Martine Bisauta Trantsizio Ekologikorako lehendakariordeak Euskal Elkargoan berdintasunaren arloko urteko txostena presentatu zuen martxoaren 16ean, ondorio argi batekin: emazteak ez dira aski ordezkatuak.

Ezagutarazitako datuak ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. 2018an Elkargoaren Kontseiluko 233 hautetsietatik, soilik 53 ziren emazteak, hots, %23 baino ez. Euskal Kosta-Aturriko eta Hego Lapurdiko hirietan abantzu parekotasun maila bat lortu bada ere, landa eremuetan emazteen proportzioa ainitzez apalagoa da: Errobiko 14 hautetsietatik hiru baizik ez dira emazteak, Hazparneko lurraldeko hamabietatik bi, Xiberoko 36etatik sei, Garazi-Baigorriko 30etatik bakarra... Datu gordinak beraz.

Bestalde, Elkargoaren batzorde iraunkorrean hamabi emaztek parte hartzen dute, parte hartzaile guzien %17. Exekutiboan diren 25 hautetsietatik haietako lau dira emazteak. Hamabost lehendakariordeen artean hiru dira, eta bederatzi kontseilari delegatuetatik, bakarra. Orotara, Ipar Euskal Herriko 158 herrietan 2.304 hautetsi daude, 886 emazteak direlarik (%38). Horien artean, soilik 16 dira bere herriko auzapez eta 210 auzapezen axuantak dira.

Lanpostuak ere rolen arabera

Euskal Elkargoaren 923 lanpostuen artean, emazteek hauen 414 betetzen dituzte, orotara %45. Nagusiki kudeaketan ari dira. Gizonen proportzioa ainitzez altuagoa da C kategoriako lanpostuetan, tradizionalki gizonen lantzat jo izan diren horietan. Hor sar daitezke hondarkinen eta garbitasunaren ingurukoak. Aldiz, administrazio, animazio eta mediku-sozialeko sailak nagusiki emazteek betetzen dituzte.

Bestetik, emazteen %85ak denbora partzialean lan egiten du, gizonen artean proportzioa %15ekoa den bitartean. “Denbora partzialerako eskubidea normalki haur bat sortzen denean galdegiten da”, erraten du txostenak.

Kuota sistema eztabaidagai

“Ez naiz baikorra izanen, legeak berdintasun erreala inposatzen ez duen heinean”, erran zuen Colette Capdeviellek. Duela hogei urte herri kontseiluetan parekotasuna ezarri zenean sortu ziren kritika azkarrak ekarri zituen gogora. Frantziar Estatuko emazte auzapezen zifrei erreferentzia eginez, gizonei zuzendu zitzaien: “pentsa, lurraldeari begirako erabakietan biztanleriaren %16 soilik ordezkatzen duzue”.

Arbonako auzapez den Marie-José Mialocqen ustez, kuota sistema aitzin urrats handi bat da. Frantziako Auzapezen Elkartean bereziki parekotasunaz arduratzen den lan talde batean parte hartzen du.

Halako eztabaidak direnean, gizonen artean fite sortzen dira arrangurak eta kontrako iritziak. Iholdiko Beñat Cachenauten ustez, “zinez zaila da emazteak politikan inplikatzea”. Didier Irigoin Behauzeko auzapeza argiago mintzatu zen: “kezkatuak gara lege batek parekotasuna galdegin eta kuota bat ezartzen badu”. Bere iritziz, jadaneko arazo ainitz badira zerrendak osatzeko. “Are gehiago, zailtasun berri bat gehitzen badugu”, erran zuen emazteei politikan aritzeko aukerak zabaltzea arazo bailitzan.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakariak eztabaida eztitu nahi izan zuen. Arazoa hautetsiaren estatusetik datorrela eta emazte izanik politikara dedikatzea zailagoa dela erantsi zuen. Christelle Cazalis Hendaiako hautetsia ados agertu zen. “Emazte zarenean politikan parte hartzea ez da borondate kontu bat, aukera kontua baizik”.

Gizonentzat egindako politika

Emazteek txaloturik, Sauveur Bacho Arberatzeko auzapeza praktika politikoan aldaketak egitearen alde mintzatu zen: “Gizonek eta emazteek ez dute politika garatzeko ikuspegi berdina. Bilkuren ordutegiak, nola eramaten diren... Emazteen engaiamendu ezaren arrazoia da ez dutela nahi kode horietan integratu, aldatu behar ditugu, emazteekiko osagarritasunean”.

“Gai ote gara?” Martine Bisautaren iritziz, emazteek haien gaitasun eza barneratu dute. Etengabe betetzen duten lekua justifikatzeko beharrean sentitzen direla erran zuen. “Gure buruarekiko konfiantza behar dugu”.

Bistan da jendartean bezala, politikagintzan ere ez dela emazte eta gizonen arteko berdintasunik. Arazoa datuetatik haragokoa da, errokoa. Heldu den urtean herrietako eta Euskal Elkargoaren ordezkariak hautatzeko hauteskundeak izanen direla kontuan harturik, gaiari garrantzia eman eta neurriak hartzea beharrezkoa suertatzen da.