Euskal mitologia ezagutzeko parada izanen da Hendaian

Hendaia Euskaraz ekimenaren barnean, euskal mitologiaren inguruan Bi´Arte elkarteak sorturiko “Zubilanak Eginez” ibilaldi-erakusketa iraganen da martxoaren 22an. Ondotik, Ixabel Millet elkartekideak mintzaldia eskainiko du.

Kazeta|19/03/2019 14:50|0 commentaires
Capture_d%e2%80%99e%cc%81cran_2019-03-18_a%cc%80_11.54.52
Bi´Artek elkarteak tresna pedagogiko eta ludikoak plantan eman ditu. ©Bi´Arte

Bi´Arte elkarteak “Zubilanak eginez” ibilaldi-erakusketa erakutsiko du Hendaiako Mendi Zolan kultur gunean martxoaren 22an. Hendaia Euskaraz ekimenaren barnean, euskal mitoak, ipuinak eta kondairak transmititzen dituen elkarteak, arte eta esperimentazioaren bidez, euskal mitologiaren proposamen moderno eta gaurkotua eskaini nahi du.

Horretarako, pertsonaien ikuspegi artistiko ezberdinak erakusten ditu, Euskal Herriko artistek beren obrekin parte hartu dutelarik. “Guretzat oso interesgarria da ikusleek euskal mitologiaren interpretazio artistiko ezberdinen sorta bat izatea. Horrela Sorgina, Dama, Basajauna... bertan izanen dira aurkeztuak modu originalean”, dio Bi´Artek bere aurkezpenean.

Erakusketa honen xedeetako bat ere bada jendeak parte hartzea. Xede hori lortzeko tresna pedagogiko eta ludikoak plantan eman ditu. Adibidez, mitologiaren inguruan irudikatu eta sortzeko, pertsonaien identitate kartak betetzea proposatzen du. Hiztegi Ttipi bat ere eskuragarri jartzen dute nahi duenak etxera eraman dezan, familian eta lagun giroan landu ahal izateko.

Martxoaren 22ko egitaraua eskoletako ikasleen bisita gidatuekin hasiko da. Goizeko 9:00etatik 11:00etara eta 14:00etatik 16:00etara, hain zuzen. Publiko guziarentzat berriz, 11:00etatik 13:30tara eta 16:00etatik 18:00etara izanen da ikusgai. Ondotik, Ixabel Millet Bi´Arteko kideak euskal mitologiaren inguruko mintzaldia eskainiko du Mendi Zolan berean. Ekitaldi guziak euskaraz iraganen dira.