Kazeta

"Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bio-laborarien sare erreala egituratu nahi dugu"

Euskal Herriko zazpi herrialdeetan hedaturik, EHKOlektiboa elkarteak bio-laborantza “zorrotz” garatzen duten ekoizleak eta kontsumitzaileak biltzen ditu. Egun, haatik, bere geroa arriskuan ezar dezaketen diru arazo garrantzitsuak ditu. EHKOlektiboa sortu zenetik kide den Mirentxu Doyhenardek azaldu ditu zailtasun horiek.

EHKOlektiboak 10.000 euro behar ditu bere egoera ekonomiko zaila deblokeatzeko. ©Arantxa Manterola
EHKOlektiboak 10.000 euro behar ditu bere egoera ekonomiko zaila deblokeatzeko. ©Arantxa Manterola

Noiz sortu zen EHKOlektiboa elkartea?

Elkartea 2014an sortu zen, baina gure gogoeta 2009an hasi zen. Hots, laborantza biologikoaren kargak lehenengoz malgutu ziren mementoan. Gainera, 2022an beste malgutze bat izatea espero da. EHKOlektiboko laborariek laborantza biologikoaren ikuspegi zorrotza defendatzen dute. Gure bokazio eta etika berdina ez duten konpainia handiei ateak idekitzen dizkieten malgutze hauen kontra gara. Gure elkartearen bidez, ekozileen xedea da bio-industriaz babestea, baina baita nabarmentzea ere. Kontsumitzaileei beste laborantza biologiko bat eskaintzen diegula erakutsi nahi diegu.

Laborantzaren zer ikuspegi defendatzen du EHKOlektiboak?

Gure proiektua gehiago definitu ahala, ohartu ginen agroekologiaren definiziotik hurbilago zegoela. Geroz eta gehiago entzuten dugun kontzeptua da, baina bereziki konplexua da, parametro ainitz dituelako bere baitan. Guziak giza-eskalako etxaldeak gara. Guretzat, atal soziala biziki garrantzitsua da eta ekoizten duguna tokikoa eta hurbilekoa da. EHKOlektiboaren bidez, identifikatzaile bat sortzeko deliberoa hartu genuen, ez haatik label bat. Honek ez du soilik produktuaren kalitatea definitzen, etxaldeen osotasuna ere aintzat hartzen baitu. Eta baita etxaldeen tamaina eta Euskal Herrian duten errotze maila ere.

Zehazki, zein da elkartearen helburua?

Xede nagusia da laborantza biologikoaz dugun ikuspegia defendatzeko tresna bat izatea. Gisa berean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bio-laborarien sare erreala egituratu nahi dugu. Laborantzaz ikuspegi berdina duten profesionalek elkar ezagutu eta haien jakintzak partekatzen ahal dituzte. Helburua ere bada laborantza biologikorako gure teknika sustatzea.

EHKOlektiboa elkarteak egun bere garapenerako zailtasunak ditu...

Gure arazorik handiena finantzarioa da eta dugun langile bakarra ere ordaintzeko zailtasunak ditugu. Maleruski, gure elkarteak orain arte ez du instituzioen laguntzarik jaso. Joan den abenduan, bi proiektu deialditarako errefusa jaso genuen. Europatik jin diren laguntzak espero genituen baina ez dira heldu, eta 2019ko urtea zaila izanen dela dirudi. Hori dela eta, “EKHO sostengatzen dut %100ean” kanpaina abiatu dugu. Xedea da 100 euro emanen dituzten 100 pertsona atzematea. 10.000 euro horiei esker, gure langilea mantendu nahi genuke, baina baita egoera ekonomiko hori desblokeatu ere. Elkartean ideia eta nahikeri ainitz bada eta proiektuak dinamizatua izatea merezi du.

Sos arazoetatik landa, elkarteak zer beste arazori egin behar dio aurre?

Gurearen gisako elkarte batentzat proiektuetarako deiei erantzutea bereziki pisua da. Batez ere gure aplikazioa bi edo hiru hizkuntzetara itzuli behar izaten dugulako. Pentsa, 10, 20 edo 30 orrialdekoa izaten ahal da. Lan handia da. Erraterako, Euro-Eskualdeko proiektuen deialdi bati erantzun berri diogu eta gure txostena euskarara, gaztelaniara eta frantsesera itzuli behar izan genuen. Hau guzia azkenean ezezko bat jasotzeko. Diruztatze iraunkorrago batek indarrak orekatzen lagunduko liguke.

Horrez gain, Euskal Herriaren gisako lurralde garrantzitsua hartzea ez da erraza. Proiektuaren konplexutasuna ikusirik, bilkura fisikoak erregularki egin behar izaten ditugu. Oro har, Gipuzkoan biltzen gara. Bidaiaren eta bilkura denboren artean, ekoizle ainitzek egun osoa bertan pasa behar izaten dute.

Elkartea ekoizlez eta kontsumitzailez osatzen da. Kontsumitzaileei begirako ekimen zehatzik antolatzen al da?

Bai, noski. EHKOlektiboaren baitako laborariekin merkatu bereziak antolatu izan dira, erraterako, Iruñean. Paraleloki, urtean hiruzpalau aldiz, etxalde batek bere ateak idekitzen ditu. Bisita bat antolatzen dugu, gomitaturiko artistaren batekin kontzertu ttipi bat eskaini eta ondotik elkarrekin jaten dugu. Egun horiek laborantzaz dugun ikuspegiari lotzen dira. Etxalde biologiko batean gaude, biologikoa jan eta faktore soziala kontuan hartzen dugu. Agroekologiaren ezaugarri hauek elkar lotzen dira. Honek kontsumitzaileekin memento bereziak partekatzea permititzen digu.

EHKOlektiboaz informazio gehiago izateko, klikatu hemen.