Kazeta

Ezinegona Departamenduko zerbitzuen berrantolaketa dela eta

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak bere langileen antolaketari buruzko ebaluazio misio bat jarri du abian. Ezkerreko indarrek eta sindikatuek egun zerbitzutan diren tentsioak salatu dituzte.

Departamentuko Kontseiluak legez Eskerreko taldeko ebaluaketa misio eskaera onartu behar zuen. © KAZETA
Departamentuko Kontseiluak legez Eskerreko taldeko ebaluaketa misio eskaera onartu behar zuen. © KAZETA

Arlo sozialaz arduratzen den erakundeak krisi sozial bat pairatuko luke. Hori da bederen ezkerreko hautetsiek eta sindikatuek salatzen dutena. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak aste honetan martxan ezarriko duen zerbitzuen berrantolaketari loturiko informazio eta ebaluazio misio bat abiatu du. Bost hilabeteko iraupena izanen du.

Henri Etcheto ezkerreko taldearen presidenteak otsailaren 14ko osoko bilkuran erran zuenez, “zerbitzuetan diren tentsioak biziak dira”. Horien berrantolaketari buruz, Baionako kontseilaria denak dio “gordezka, lanpostuen murrizketak aitzina segitzen duela, berez jada zailak diren lan kargak emendatuz eta konplikatuz”.

Adierazpen hauek 2019ko buxetaren bozketan egin zituen Etchetok. Bere beldurrak azaldu zituen langileei begirako aurrekontuan 7 milioi eurotako murrizketarekiko. Alta, Isabelle Lahore Kontseiluko presidenteordeak erantzun zion diru hori aurrekontuen beste atal batean agertzen dela eta apaltzea 2 milioitakoa izanen dela.

Bete gabeko 175 lanpostu

Gehiengoak aldatzen diren guzietan bezala, 2016an zerbitzuen berrantolaketa bati ekin zion exekutiboak, baina oposizioko hautetsiek zein sindikatuek disfuntzioak daudela erran dute. Azaroan CGT eta Sud sindikatuek egin zuten greban, langileek pairatu beharreko ondorioez ohartarazi zuten. Sandra Pereira CGTren ordezkariak langileen osasunaz arrangura azaldu du: “2017 eta 2018 artean eritasun geldialdiak nabarmen emendatu ziren”. Osasun batzordeak lorturiko datuen arabera, 2017an langileen %43ak eritasun baimen bat ukan zuen, hots, langileko 28 egun. Datu hauek epe luzeko geldialdietatik edo lan istripuetatik kanpo kokatzen dira.

Pereiraren arabera, bete gabeko 175 lanpostuetatik, 73 aldi baterako langileak dira. Gainerateko 102 postuak ez leudeke beterik. Beretzat betegabeko postuak gakoa dira, izan ere, epe laburreko langileekin zerbitzuek ez bailukete egonkortasunik. Sindikalistaren ustez, zerbitzu sozialak eta kolegioak lirateke ondorioak pairatuko lituzketenak. Bestalde, lagundu gabeko adin ttipikoen arretari begirako zerbitzuetan lan kontratu berri guti egin dira, migrazioaren eraginez gazte hauen kopuruak goiti egin duen bitartean.

Ezinegon hori “funtzio publikoaren eraldaketa” gisa ezagutzen den legearen kontrako protesta testuinguruan sortu da. Lege horren kontra, Ipar Euskal Herriko sindikatuak biltzen dituen Departamenduko Koordinazio sindikalak (CSD) heldu den martxoaren 19rako greba deialdia egin du Baionan.