Kazeta

“Neskatoak” filma ikusgai Lekornen, Emazteen Egunean

Emazte Langilearen Nazioarteko Egunaren karietara, Lekorneko Baigura ikastolak Jon Abrilek zuzenduriko filma emanen du martxoaren 8an.

“Neskatoak” dokumentalaren irudia.
“Neskatoak” dokumentalaren irudia.

Martxoaren 8an, Emazteen Nazioarteko Egunean, Lekornen izanen da ikusgai “Neskatoak”. Baigura ikastolako Euskaraz Bizi taldeak antolaturiko emanaldia arratseko 20:30ean hasiko da Herriko Etxeko gelan. Proiekzioaren ondotik, Jon Abrilekin solasaldia iraganen da.

40ko hamarkadatik aitzina, frankismoaren garaian Baztan-Bidasoako emazte gazte ainitzek etxea utzi eta nagusiki Ipar Euskal Herrira joan behar izan zuten etxeetan eta hoteletan lan egitera. Jon Abril beratarrak lekukotasunak bildu eta “Neskatoak” filma egin zuen.

Ehunka izan ziren frankismoaren urterik gogorrenetan Nafarroako mendialdeko ibarretatik lanera joandako emazteak. Batez ere Ipar Euskal Herria joan behar izan zuten, baina baita Estatu frantsesera ere, neskame edo neskato lanetan aritzera. Nerabe edo gazte, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joaten ziren, kukuturik. Hoteletan eta jatetxeetan ez ezik, etxe partikularretan ere egiten zuten lan. Usu 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik, lan baimenik eta frantsesik ere jakin gabe.