Bixintxo Bilbaoren zigorra “oso larria” dela diote EAE eta Ipar Euskal Herriko pilota federakuntzek

EAEko Euskal Pilota Federakuntzak, Bizkaikoak, gipuzkoarrak, arabarrak, eta Ipar Euskal Herriko pilota federakuntzek “oso larritzat” jo dute Bixintxo Bilbao zigortzea. “Elkartasun eta babes osoa” adierazi diote ziburutarrari.

Kazeta|27/02/2019 14:14|0 commentaires
Mondial
Bixintxo Bilbao, podiumaren gainean.

Nazioarteko Pilota Federazioak hamabi hilabeteko zigorra ezarri dio Bixintxo Bilbao trinketistari iaz Bartzelonan jokatu zen Munduko Txapelketako sari banaketan ikurrina ateratzeagatik. Honen aurrean, EAEko Euskal Pilota Federakuntzak, Bizkaikoak, gipuzkoarrak, arabarrak eta Iparraldeko Pilota Batzordeak «elkartasuna eta babesa» adierazi diote, Naiz atariak argitaratu duenez.

Trinketeko frantziar selekzioarekin hartu zuen parte Bilbao ziburutarrak lehiaketan, eta baita urrezko domina irabazi ere, eskuz binaka Peio Larralderekin batera. Sari banaketan ikurrina atera zuten. Zigor hau bertan behera uztea eskatu dute eta «etorkizunean horrelako egoerarik berriz ere ez errepikatzea» defendatu.

Federakuntzek igorritako mezuan, «oso larritzat» jo dute «Euskal Pilota izenburutzat duen kirol batean ikurriña erakustearren zigorra ezartzea».

Elkartasuna eta babesa Bartzelona ospatutako munduko txapelketa hartara joateari ezetz esan zioten euskal pilotarie guztiei ere luzatu nahi izan diete.

Lakuako Gobernuko Kirol zuzendaritzak ere gutuna igorri zion Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari zigorra bertan behera uztea eskatuz.

INFOS ASSOCIÉES