Kazeta

“Memoria historikoa egin ez den justizia kontu bat da”

Paco Etxeberria antropologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) auzitegi medikuntzako irakaslea da. Euskal Herrian, Espainiar estatuan eta nazioartean memoria historikoaren berreskurapenean erreferente ukaezina da. Otsailaren 18an, astelehenarekin, Donibane Lohizuneko Le Select zineman izanen da, “Le silence des autres” (Besteen isiltasuna) dokumentalaren proiekzioaren ondotik eginen den solasaldian.

Paco Etxeberria, antropologoa eta EHUko auzitegi medikuntzako irakaslea. © Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS
Paco Etxeberria, antropologoa eta EHUko auzitegi medikuntzako irakaslea. © Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS

Antropologoa eta auzitegi medikua zara. Zergatik gomitatu zaituzte “Le silence des autres” filma emanen den gaualdira?

Hemezortzi urtez memoria historikoaren arloan aritu naiz lanean. Dokumental honekin bezala, nire ikerketek ezagutza honen hedapenerako eta jendarteratzeko produktuak ekarri dituzte. Gainera, nire taldeak eta nihaurek memoria historikoari loturiko dokumental eta erreportaje gehienetan parte hartu dugu. Batzuk euskal ekoizpenak dira eta beste batzuk beste leku batzuetatik heldu dira. Horrez gain, konferentziak eta mintegiak ematen ditut. Ezagutza horren hedapena egitea funtsezkoa dela uste dut.

Espainiako Gerla Zibilean hildako pertsonen gorpuak hobietatik ateratzen parte hartu izan duzu, beste bortxazko heriotza politikoetakoekin batera. Zuretzat zer garrantzia du memoria historikoak?

Enetzat, egin ez den justizia kontu bat da. Konpondu gabeko egoera bat. Biktima guziak berdinak dira, biktima diren heinean eskubide berberak baitituzte: egia ezagutzeko eskubidea eta erreparaziorako eskubidea. Espainiako Gerla Zibileko eta frankismoaren errepresioaren biktima hauen kasuan, ezin izan dute justizia honetaz baliatu. Honek gaurkoa den arazo baten aitzinean jartzen gaitu eta ez hainbeste historiara edo iraganera begira. Ni ez naiz historiagilea, badira atal hori lantzen duten adituak. Ene aldetik gaurkotasuneko egoera batean lan egiten dut, bermatu ez diren hainbat eskubide gaur segurtatu daitezen.

2007ko memoria historikoaren legea bera onartu aitzin parte hartu zenuen gorpuak ateratzen. Zure iritziz, Espainian gai hau ongi lantzen ari da?

Espainiar estatuaren barnean egoera desorekatua da. Badira gai honetan inplikazio azkarra duten autonomia erkidegoak eta badira ez ikusiarena egiten dutenak. Euskadiren gisako lekuetan gai honetan lan egiteko borondate politikoa dago. Memoria historikorako institutu bat ere sortu da: Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Gogora Institutua. Andaluzian - nahiz eta eskuineko gobernu berriarekin alda daitekeen -, Aragoin, Nafarroan eta Balear Uharteetan ere memoria historikorako laguntza instituzional azkarra existitzen da. Alta, frankismoaren soziologia presente den beste autonomia erkidego batzuetan ezinezkoa da halakorik egitea. Errate baterako, Gaztela-Mantxak, Murtziak edo Kantabriak ez dute neholako laguntzarik ematen. Espainiar gobernuari dagokionez, PSOE (alderdi sozialista) agintean denean, laguntzeko nolabaiteko borondate bat bada. Gaineratekoan, eskuineko Alderdi Popularra (PP) gobernuan denean, ez da ez laguntzarik ez babesik.

Atzerrian ere gorpuak ateratzen parte hartu izan duzu. Victor Jara eta Salvador Allenderen Txileko kasua da ezagunetariko bat. Nolakoa izan zen Txileko esperientzia? Zure lanak zer harrera ukan zuen?

Lehenik, Txilen diktadura garaian gertatu zena jakiteko borondate politiko eta instituzional azkar bat badela jakin behar da. Gainera, diktadura garaiko desagerpen eta erailketa kasuak auzitegietan dira. Auzi hauetan Txileko Santiagoko Auzitegi Medikuntza Institutuak gomitaturiko aditu gisa parte hartzen dut. Baina auzi judizialetatik harago, batez ere gaiaz borondate politiko argi bat dago: tortura, espetxeratze eta desagertuen egoerari buruzko dokumentu-funtsekin egiaren batzordeak sortu dira. Beraz, Txilen nire lana inkesta hau behatzen duen kanpoko adituarena da, jakinik giza eskubideen bortxaketa kasuetan, usu kanpoko aditu independenteekin kontatu egiten dela.

Desagerturiko euskal militanteen inkestetan parte hartu izan duzu. Erraterako, iaz Mont-de-Marsanen arrasto bat aurkitu arren, oraino agertu ez den Joxe Migel Etxeberria Naparrarena. Zertan da kasu hori?

Naparrraren kasua duela guti berrabiatu da haren familiaren abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionalari orain arte ez besteko leku batean gorpua bilatzeko galdegin ziotenean. Berez, Naparraren gorpuzkiak egoten ahal ziren leku posibleak definitu genituelarik, bi lekutan egin genuen lan, biak Mont-de-Marsanetik hurbil. Aukera gehien ematen zituenak ez zuen emaitzarik eman. Gogoetatu ondotik, familiak orain beste leku batean behatzea eskatzen du. Beharrezkoa izanen da leku hori begiratzea. Jakina, hau guzia Madrilgo epaileek eta frantziar autoritateek baimentzen dutenean izanen da.

Zure lana dela eta, hainbat sari irabazi izan dituzu: Gipuzkoako Diputazioaren Giza Eskubideena, Eusko Jaurlaritzaren René Cassin Saria, Eusko Ikaskuntzarena eta baita Europako Giza Eskubideen Fundazioarena ere. Sari hauek zer erranahi dute zuretzat?

Unibertsitateko irakaslea naiz. Ohituta naukan aitortza hau nire lankideena da. Testuinguru akademiko baten baitako aitortza da. Kongresuetan edo mintegietan, norbaitek itzal handiko aldizkari batean zientzia artikulu bat publikatzen duenean, doktore-tesi bat zuzentzen duenean, lankideek lan akademikoaren atal hau edo bestea aitortzen dute. Gure lan akademikoan errutina gisako bat da hori. Alta, aitortza soziala ez da hain ohikoa. Enetzat, hau biziki garrantzitsua da, erakusten baitu teknikoa eta akademikoa den gure lanak interes sozialari erantzun bat ematen diola. Enetzat balio handikoa da, bai ikuspuntu pertsonaletik bai unibertsitateko irakasle lana hartzen dudan ikuspuntutik.