Kazeta

Espainiako memoria historikoa argitara Donibane Lohizunen

Donibane Lohizuneko Le Select zinemak heldu den otsailaren 18an astelehenarekin, “Le silence des autres” (Besteen isiltasuna) dokumentala proiektatuko du. Ondotik, eztabaida izanen da, Espainian nahiz nazioartean memoria historikoaren berreskurapenean erreferente den Paco Etxeberriaren parte hartzearekin.

Hilobi komun baten kokapena erakusten du emazte batek filman. Egun, bide bat pasatzen da gainetik. (Dokumentaleko irudia)
Hilobi komun baten kokapena erakusten du emazte batek filman. Egun, bide bat pasatzen da gainetik. (Dokumentaleko irudia)

“Le silence des autres” filma astelehenean arratseko 20:30ean emanen dute Donibane Lohizuneko Le Select zinema-gelan. Dokumentalak Espainiar estatuan memoria historikoaren berreskurapenerako diren zailtasunak agerian uzten ditu, bereziki Espainiako gerla zibileko hobi komunen inguruko ikerketei loturik. Filmaren ondotik, Paco Etxeberria antropologo eta forentsea izanen da eztabaida animatuko duena.

“Le silence des autres” dokumentalak urteko filma espainiar onenak saritzen dituen Goya Sarietako dokumental onenaren saria irabazi zuen. Sei urtez errodaturik, lan honetan Francoren erregimenaren biktimek eta bizirik atera zirenek leku garrantzitsua hartzen dute. Finean, 40 urteko diktaduraren ondotik izandako ahanzturarako asmoa apurtzea du xede.

Almudena Carracedo eta Rober Baharrek zuzendurik, filman “Argentinako salaketan” parte hartu duten biktimak ageri dira, salaketa hori izanki erregimen frankistaren (1939-1975) krimenen arduradunak justiziaren aitzinera eramateko lehen saiakera.

2010ean Argentinako auzitegi batean ezarritako salaketaren bidez, Francoren erregimenaren garaian egin ziren bortxakeriak eta delituak auzitara eramateko eskaera egin zen. 1977ko Amnistia Legeaz baliatuz Espainiar justizia delitu horiek epaitzera ukatu zenez, biktimek nazioarteko jurisdikzio printzipioa erabili eta Argentinara jo zuten.

Maria Servini de Cumbría epaile argentinarrak kasua onartu eta frankismoan arduradun izan zirenetako batzuk atxilotzeko agindua eman bazuen ere, presio diplomatikoa egin zuen Espainiar estatuak eta gerora ere indar handia egin du arduradun horiek justiziaren aitzinera eramanak izan ez daitezen. Egun auziak idekita segitzen du.

100 hobi komun

Donibane Lohizunen Paco Etxeberriaren azalpenak entzuteko parada izanen da. 2000 urtetik Espainiar estatuan memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduan lanean dihardu eta ehun hobi komun baino gehiagoren idekiera koordinatu izan du. Horri esker, gerla zibileko eta frankismoko biktima ainitz identifikatu eta aurkitu ahal izan dira, nahiz eta Amnistiaren Legeak eta estatu horretako egitura ezberdinek lan horiek egiteko trabak ezarri.

Paco Etxeberriak Espainiar sistema judizialerako auzi konplexuetan parte hartu ohi du (Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren identifikazioan, erraterako). Atzerrian ere haren lana galdegina izaten da, Txilen bezala, non Victor Jara, Pablo Neruda eta Salvador Allenderen heriotzak argitu asmoz, haien gorpuak hobitik ateratzen parte hartu baitzuen. Berriki Malvinetara eta Kolonbiara joan da gisako misioetara.

2014an Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2000 urteen artean Euskal Herrian izandako torturen inguruko azterketa sakon bat egiteko ardura eman zion Etxeberriari. Egindako lan horretan 4.000 tortura salaketatik goiti jaso ahal izan dira eta orain horien guzien azterketa xehea egin beharko litzateke.