Kazeta

Larrun 2020 hastapeneko proiektua baztertu dute

Josu Iratzoki Aguirre Berako (Nafarroa) auzapezak Euskal Irratietan jakinarazi zuenez, joan den ostiraleko Gidaritza Batzordean proiektua berraztertzea erabaki zen. Inguruko herrien eta gainerateko eragileen partaidetza kontuan hartzea beharrezkotzat jo dute. Heldu den martxoaren 5ean Urruñan eginen da lehen bilkura.

Larrun 2020 proiektuaren kontrako manifestazioa.
Larrun 2020 proiektuaren kontrako manifestazioa.

Berako auzapezak otsailaren 11n eman zuen berria. Euskal Irratietako uhinetan erran zuenez, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak izendaturiko Anduezak kabineteak hastapeneko proiektua auzitan jarri du. Diagnostiko bat galdegin du, Larrungo gainean egin asmo zuten pasabidea eta tren geltokiko aparkalekuak desegokiak zirelakoan. Justuki, horiek ziren proiektuarekiko kontrakotasuna piztu zutenak.

Gidaritza Batzordeak joan den otsailaren 8an egin bilkuran proiektua ezeztatzea deliberatu zuen. Josu Iratzoki Aguirreren arabera, “Larrungo gainari ahalik eta kalterik ttipiena egitea izan da erabakiaren arrazoia”.  

Euskal Elkargoan turismoaz arduratzen den Daniel Oltzomendi Izurako auzapezak ere Andueza kabinetearen ondorioak baieztatu ditu. Bere hitzetan, Larrungo garapenaren ardura ez da soilik Departamenduarena, Euskal Elkargoarena eta Nafarroako Foru Komunitatearena ere badela gaineratuz.

Kontsulta eta iritzi biltze fase bat idekiko da orain. Horretarako, heldu den martxoaren 5ean Urruñan bilkura bat antolatu dute, non elkarte eta eragile ezberdinak gomitatuak izanen diren. Rafa Valdivielso CADE ingurumenaren aldeko elkarteko kideak iragarpen “baikor” honi harrera ona egin dio. MEDIABASK Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekin harremanetan ezarri bazen ere, honek adierazi zuen martxoaren 5eko bilkura aitzin ez duela jakinarazpenik eginen.