Iurre BIDEGAIN

Emazteak motorrak berotzen hasi dira martxoaren 8rako

Ipar Euskal Herriko emazte grebalarien biltzarrak martxoaren 8an greba egiteko deia zabaldu du. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu aitzin, taldeak bilkura publikoak antolatuko ditu Hendaian, Baigorrin, Hazparnen eta Maulen.

Jadaneko Baionako Zizpa Gaztetxean bi bilkura publiko antolatu dituzte. ©Ipar Euskal Herriko emazte grebalarien biltzarra
Jadaneko Baionako Zizpa Gaztetxean bi bilkura publiko antolatu dituzte. ©Ipar Euskal Herriko emazte grebalarien biltzarra

Euskal Herriko emazteak buru-belarri lanean ari dira martxoaren 8ko eguna prestatzeko. Azken asteetan, hainbat dinamika aurkeztu dituzte Euskal Herriko txoko ainitzetan Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatuko den greba mugimendurako deia luzatzeko xedez. Ipar Euskal Herriari dagokionez, mobilizazioarekin bat egitea erabaki dute.

Bigarren urtea da martxoaren 8rako greba mugimendua antolatua dela. Euskal Herrian gaindi iaz bizi ziren mobilizazio jendetsuak oraindik gogoan ditugu. Horrelako irudiak berriz errepikatzeko xedez, bilkurak antolatzen hasi dira.

Baionako Zizpa Gaztetxeak gaiari buruzko bi batzar errezibitu ditu azken asteetan. Otsailaren 5ean iragan zen bigarrena erabakigarria izan zen. Armelle Etxenike Ipar Euskal Herriko emazte grebalarien biltzarreko kideak azaldu duenez, martxoaren 8ko aldarrikapenak gai ezberdinetan oinarrituko dira: soldatapeko lan esparrua, zaintza lanak, masa kontsumoa eta ikasle zein gazteen esparrua.

Halaber, aurten beste arlo bat gehitzea erabaki dute, hots, erretretadunena. "Hego Euskal Herrian mugimendu handia dago. Nahiz eta Ipar Euskal Herrian hala ez izan, baikorra izan daiteke esparru hori ere hunkitzea, hemen ere ezberdintasunak badirelako", aipatu du gazteak.

Aurkezpen bira

Martxoaren 8ko deialdia zabaltzeko eta dinamika bera aurkezteko bilkura publikoak antolatu dituzte. Oraingoz datak ez dituzte finkatu, baina bai haatik lekuak: Hendaian, Baigorrin, Hazparnen eta Maulen iraganen dira. "Mobilizazioa ez da hain errotua Ipar Euskal Herrian eta iruditzen zaigu aurkezpen birak hori ekar dezakeela", erantsi du.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren programa ez da zehaztua, baina Armelle Etxenikek aitzinatu du iaz bezala Baionan bazkari partekatu bat eta mobilizazioa antolatuko direla. Heldu den bilkura publikoa otsailaren 12an iraganen da Baionako AEKren egoitzan.