Larraitz Otazo, Jose Luis Turrillas, Oihana Parot, Unai Arkauz, Gabi Mouesca, Amaia Hinoux, Dabid Gramont, Mikel Irastorza eta Jokin Etxebarria
Guz_funerailles_oier_gomez_bobedme103
Oierri gertaturikoa berriz errepika ez dadin

IRITZIA- Oier Gomezen heriotza dela eta, eri diren euskal presoek pairatzen dutenaren larritasuna azpimarratu dute Harrera elkarteko kideek. Beren iritziz, “Euskal Herriko instituzioen presioa baitezpadakoa da eri diren presoak ahalik eta lasterren aske utz ditzaten”.

02/02/2019 14:00 | 0 commentaires

Oier Gomez euskal preso politiko ohia eta gurekin batera Ipar Euskal Herriko Harrerako kide zena joan den larunbateko goizaldera joan zitzaigun. Gure lehen hitzak bere senideentzat dira: zuekin gaude eta une zail hauetan gure goxotasuna eta babesik sentikorrena adierazi nahi dizuegu.

Guziok jakina da Oier eritasun sendaezinarekin atera zela kartzelatik. Sei hilabeteko bizi itxaropena eman zioten eta ia bi urte egin ditu gure artean eritasunaren aurkako borrokan. Gaur ez gatoz Oierren indarra azaltzera, izugarria izan dela oroitzeko modukoa bada ere. Gaur kartzelan eritasun larriak dituzten euskal presoak ditugu gogoan eta era berean, hizpide hartu nahi dugu Frantziar nahiz Espainiar estatuen kartzela politiken krudelkeria.

Oierren heriotza ez da naturala izan, ezinezkoa baita bere eritasuna, heriotza eta kartzela banantzea. Oroitu behar da jada 2012an Hodgkin linfoma bat atzeman ziotela eta kimioterapia bidez tratatu behar izan zutela. Askatasuna galdegin arren, ukatu egin zioten eta 2017an aske uztea erabaki zuten arte bost urte luzez izan zuten kartzelan, bigarren minbizia aurkitu zioten arte. DPS estatusa zuenez, segurtasun neurri bereziekin izaten zuten beti, bai kartzelan bai ospitalean, horrek dakarren estres, tentsio eta higadurarekin. Azkenerako neurriak arintzen joan zitzaizkion, baina beti azken momentuan eta beti egoeraren larritasunak maila bat gora egin izan zuenean, inoiz ez lehenago, inoiz ez prebentzio gisa. Finean, Oierri ez diote eritasuna sendatzeko eta bizitzen segitzeko aukerarik eman eta soilik egoera atzeraezina bilakatu zenean deliberatu zuten zigorra suspenditzea, kalean hiltzeko, ez kartzelan. Gainera, bere osasunean pentsatu beharrean, estatuek bere eboluzioa arretaz segitu dute berehala berriz kartzelan sartzeko.

Gaur, Oier izan zuten bezala, Frantziar eta Espainiar estatuek eritasun larriak eta hainbat kasutan sendaezinak dituzten euskal presoak kartzeletan mantentzen dituzte. Baldintzarik gogorrenetan, hurbilekoenetatik urrun, sakabanaturik... Kartzela ez da inorentzat lekua, baina are gutxiago eritasun larri bat duenarentzat. Han ez dago tratamendu egokirik, konfiantzazkorik edo nahikoa baliabiderik. Han dena da atzerapena, dena traba, dena arrotza.

Egun bat pasatzen deno, muturreko egoera horretan diren gure herrikideentzat sufrimendu egun bat gehiago gehitzen da. Egunak pasatzen dira, asteak, urteak... eta eritasunak kasu guzietan egiten du okerrera. Hobera egiterik ez dago. Hori osasun profesional izan gabe edonork daki. Eta hori bera dakite haien ziegetan giltzapeturik dituzten bi estatuek. Beraz, hauxe da gure galdera gordina: zein da helburua, eri diren euskal presoak heriotza zigorrera kondenatzea?

Frantziar estatuak euskal presoen inguruan 2017tik landa hainbat mugimendu baikor egin ditu, guztiz ez nahikoak betiere. Espainiar estatuak hori ere ez du egin. Hitzak bai, baina dispertsioaren mapak erakusten du hamarkadetako kartzela politikaren funtsari eusten ari zaiola. Sinesgarritasunik txikiena izateko, berehalako hainbat neurri hartu beharko dituzte eta horien artean lehena eri diren euskal preso guziak kaleratzea da. Gainerakoa (ehunka kilometrora dauden kartzeletara hurbiltzea, adibidez) zuriketa besterik ez da, funtsean, kartzelan jarraitzea suposatzen duelako eta eritasuna larriagotzea baizik ez duelako eragingo.

Lehen ere erran dugu: euskal presoak Frantziar eta Espainiar estatuen ziegetan daude, haien erabakien menpe eta estatu horiena da haiekin gertatzen denaren ardura osoa. Beraz, eri diren presoen osasunarekin gertatzen ari den oinarrizko eskubide urraketak baditu arduradunak. Oierren heriotzak dituen gisa berean.   

Egoera zinez larria da eta ez dago denbora galtzerik. Jendarte zibilaren, herritarren eta Euskal Herriko instituzioen presioa baitezpadakoa da eri diren presoak ahalik eta lasterren aske utz ditzaten. Orain artekoa baino indar handiagoa egin beharko dugu. Hori da eskuartean dugun erronka eta deia luzatu nahi dugu urtarrilaren 12ko bidetik guziok gure engaiamendua biderka dezagun.

Ez dezagun ahantzi, haatik, gerora ere lana franko izanen dugula. Kartzelatik ateratzen den preso ohi bakoitzak duintasunez bizitzeko elkartasuna eta babesa ezinbesteko dituelako. Hori da hilabeteotan Harrera elkartetik Ipar Euskal Herriko jendartean hedatzen ari garen mezua. Hori izan da Oier aske geratu eta Baionan bizi zelarik, egokitu zitzaigun funtzioetako bat. Beharrezko zituen baliabideak eta babes guzia bermatzea. Zeregin horretan aurrerantzean gehiago izan gaitezen, baina bitartean indar berezi bat egin dezagun guziak askatu eta Oierri gertaturikoa berriz errepika ez dadin.