Joseba AURKENERENA

Herri bitxia

IRITZIA- Urtarrilaren 19an, Donostiako Egunaren bezperan, Joseba Aurkenerenak mezu bat jaso zuen sakelako telefonoan. Testua gaztelaniaz idatzita zegoen, eta donostiarren egun handiaz mintzo zen. Inork ez zuen testua izenpetzen. Ederra zenez, Aurkenerenak euskaraz moldatu du eta txoko honetara ekarri.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Bada herri bat militarrek egunez eta gauez hartzen dutena, eta bitxi bada ere, herritarrek uniformedunak pozaz txoratzen hartzen dituzte. Lagun-giro ezin hobean dabiltza batzuk eta besteak. Soldaduen arma bakarrak koilara eta sardexka ikaragarri handiak dira. Oso herri bitxia da, benetan! Airoski astintzen duten bandera zuri-zuria da, goialdeko izkina batean lauki urdin batez apaindua, baina zuri-zuria azken finean. Bertako biztanleek jatea, edatea, kantatzea, dantzatzea eta parranda egitea maite dute, zinez!

    Antzekotasunik? Bai, herri honetan ere, buruzagiek aginte makilari eusten diote, baina ereserkia danborrez jotzen duten hiritarrak ongixko zuzentzeko, besterik ez. Bai, bai, herri honek badu ereserkia! Baiki! Haatik, ereserki hori ez da, gainerako ereserkien antzera, odolez, aberriaz edota garaipenaz mintzatzen. Ereserki horrek hiritarrak festara, dantzara eta umore onez kalera ateratzera deitzen ditu, eta nola! Horregatik hiritar guzti-guztiek ereserkiaren letra buruz dakite eta harrotasunez abesten dute gainera.

    Herri honek ez du inolako konplexurik, ez aldarte txarrik ere. Hori bai, bertakoek musika, tai gabe, gelditu gabe, entzun nahi dute; ez dute nahi ezta segundu bakar batez ere isil dadin. Eta ez da gelditzen, jende guztia danborra jotzen, jo ta ke, jo ta fuego, aritzen baita une oroz. Hiritarrak kalean dabiltza, egunez eta gauez, denak elkarrekin, ideologiari, sinesmenari edota gizarte mailari begiratu gabe. Denak elkarrekin danborra joaz. Herri zinez bitxia, ezta? Nik herri bat bizitzeko hautatu beharko banu hori izanen litzateke, zalantzarik gabe!

    Baina, tamalez, herri hau ez da beti horrela izaten. Oraingoz, urteko egun bakar batez da horrela, eta horrela izanen da hiritarrek, urtarrilaren hogei batean, gaueko hamabietan, bandera zuri hori inoiz ez jaistea erabakitzen duten arte. Gora Donostia!


Telefonoz igorritako mezu anonimoa.
Itzulpena: Joseba Aurkenerena