Kazeta

Frantziako polizia leporaino armaturik

Frantziako segurtasun indarrak Europako armatuenetarikoak izanki, harritzeko moduko armategi handi bat dute. Testu legalen arabera, arma hauen erabilera egoera biziki berezietan egin beharko litzateke. “Jaka horien” manifestazioek erakutsi dute usu praktika eta teoria ez direla bat etortzen.

Poliziak pilota jaurtigailua erabili zuen Biarritzen, abenduaren 18an, G7ko gailurraren prestakuntza egunean. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Poliziak pilota jaurtigailua erabili zuen Biarritzen, abenduaren 18an, G7ko gailurraren prestakuntza egunean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Joan den urtarrilaren 15ean, Frantziako Polizia Nazionalaren zuzendari nagusi eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeta izandako Eric Morvanek poliziei txosten bat igorri zien. Bertan operazioetan flash-ball gisara ezagutzen diren jaurtigailuen arauak oroitarazi nahi izan zizkien. Testu horretan, lehenik testuingurua zehazten du: defentsarako bala jaurtigailua (LBD) jende biltze batean erabil daiteke, beti ere poliziaren kontrako bortizkeria izatekotan edo baita ere poliziak bere burua beste era batera defendatzerik ez badu.

Poliziaren buruak erabilpen arauekin segitzen du: “Distantzia tarteak errespetatu behar dira” eta “tiratzaileak soilik gorputz enborrera hartu dezake mira, eta baita goiko eta beheko gorputz ataletara ere”. Gisa berean, tiro baten ondotik eta operazioaren inguruneak permititzen duen heinean, “pertsonaren osasun egoera bermatu behar da eta mediku asistentzia segurtatu osasun egoerak hala eskatzen badu”.  

Ohar hauek ez dira funtsik gabekoak. Izan ere, “jaka horien” mugimendua sortu zenetik, manifestazioetan izandako bortizkeriak zauritu ainitz eragin ditu. Frantziako Barne ministerioaren datuen arabera, 1.000 polizia inguru zauritu dira, manifestariak 1.700dik goiti izan diren bitartean. Euskal Herrian, Lolaren bisai hantua oroitzeko modukoa da. Bere lekukotasunak flash-ballaren erabileran arauak ez direla betetzen berresten du: “banku batean xutik nintzen, nire kamera ttipiarekin filmatzen hasi nintzen eta memento batez, lehen tiroa sentitu nuen nire buruan. Ez zen deus gertatzen. Ez zen talderik, ez mugimendurik”.

Europako armatuenetarikoa

Anputazio eta itzulbiderik gabeko zaurien kopuruak gora segitzen duen bitartean, baitezpadakoa da poliziak manifestazioetan erabiltzen dituen armei buruzko galderak pausatzea. Defentsarako balen jaurtigailuak, negar gasak eragiten dituzten granadak edo GLI-F4 motakoak: ACAT gobernuz kanpoko erakundeak kaleraturiko taularen arabera, Frantziako segurtasun indarrak Europako armatuenetarikoak dira. Zerrendaren gainaldean, flash-ball eta LBD40 defentsarako bala jaurtigailuak ikus daitezke. Brügger&Thomest arma ekoizle suitzarrak egindako LBD40a frantziar jatorria duen flash-ball ordezkatzeko bidean da. Alta, bi arma hauek ez dute helburu bera. LBD lehen mailako arma bat da, gerla arma, hain zuzen. 10 eta 50 metroko distantzian erabil daiteke eta distantzia laburretan ikaragarrizko potentzia du.

Europa mailan Frantziako Estatua salbuespena da. Gainerateko herrialde gehienek operazioetan poliziak jarraitu beharreko doktrina aldatu dute. Ezartzen ari diren ereduak konfrontazio fisikoa eta bortizkeriaren erabilera ekidin nahi ditu, tentsioak apaltzeko elkarrizketari bide emanez. Estrategia honetan defentsarako balen jaurtigailuek eta granadek ez dute lekurik.

Haatik, ez dirudi Frantziako Estatuak bere ibilmoldea aldatzeko asmorik duenik. Barne Ministerioak 1.280 LBD-z hornitzeko eskaera egin baitu berriki. Badirudi gobernuak gatazkei erantzuteko hautaturiko bidea poliziala eta bortxazkoa izanen dela eta ez aterabide politikoena. Erabaki lanjerosa eta kezkagarria bere burua demokraziaren eta giza eskubideen ikurtzat hartzen duen estatu batentzat.