Idoia ERASO

Fipadoc festibala, dokumentalen aniztasunaren erakuslehioa

Aurten lehen aldiz antolatuko duten Fipadoc festibalak dokumentalen aniztasuna aldarrikatzeko xedea du. Urtarrilaren 22tik 27ra Biarritzen iraganen den dokumentala FIPAren segida bezala sortu da. Aitzineko egitura atxiki badu ere, eskaintza dokumentaletara mugatu du.

Fipadoc festibalak jaso dituen 1.200 lanetatik 100 hautatu dituzte.
Fipadoc festibalak jaso dituen 1.200 lanetatik 100 hautatu dituzte.

«FIPAren azken edizioan, ikusleen artean arrakasta gehien izan zuen sekzioa dokumentalena izan zen. Filmak, telesailak... baziren, baina jende gehiena dokumentalak ikustera joan zen», adierazi zuen Michel Veunac Biarritzeko auzapezak, jaialdi berriaren aurkezpenean. Adierazpen honekin formatu honetara “mugatzeak” kultura munduan sortu dituen esamesak baretu nahi zituen, Garako artikuluak azaldu duenez.

Festibalean egongo diren luze, labur eta tarteko guztien artean dagoen oparotasuna azpimarratu zuten antolatzaileek. Aniztasun horren erakusle izateko helburuarekin dokumental ezberdinen trailerrak erakutsi zituzten aurkezpen ofizialean. Adierazpideak murriztea aberastasun iturri izan daitekeela erakusteko, eta gutxitzearen aurreiritzi ezkorra gainditu nahian, dokumentaletan ere «ikus-entzunezko forma guzti-guzti-guztiak» atzeman daitezkeela nabarmendu zuen Anne Georget jaialdiko presidenteak. FIPA ospatzen zenean bezain beste ikus-entzunezko obra izanen dira ikusgai, jaso dituzten 1.200 lanetatik 100 hautatu eta aurkeztuko dituzte Fipadoc-en zehar.

Sail ofizialean dauden atalei begiratzea nahikoa da dokumentalek duten oparotasunaz ohartzeko. Nazioarteko eta Estatu frantses mailako lehiez gain, dokumental musikalaren atala eta Inpaktu atal berria ere badaude. Zinema eskola, unibertsitate edo institutuetako ikasleek egindako lanentzat Gazte Sorkuntza saria ere izanen da jokoan. Horretaz gain, FIPA zaharrean zeuden Mitriani saria eta ikusleenak ere banatuko dira hitzordu berrian.

Dokumentalen ugaritasuna agertu nahian, sail ofizialean komediak ere badirela aipatu zuten antolatzaileek, baita animazio filmak ere, hala nola “Jeszcze dzien zycia. Another day in life”. Obra horrek Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak Angolako gerra zibilean bizi izandako kontatzen du, horretarako animazioa erabilita.

Prentsaurrekoan aurkeztu zituzten obren artean, borroka, edertasuna, ezberdintasuna eta iluntasuna agertu ziren. “Walking on water”-ek, Christo artistaren lanari jarraitzen dio. Borroka edertasunarekin elkartzen ditu “Vertige de la chute”-k. Rio de Janeiroko dantza taldeko kideen arteko lehia agertzen da, ballet irudiak kaleko liskarrekin uztartuz. “La disgrace”-k arrazoi ezberdinengatik aurpegia deformatuta duten pertsonak aurkezten ditu, eta “Oscuro y lucientes”-ek Goyaren burezurraren desagerpena du hizpide.

Irekiera, John Lennonekin

Michael Epsteinen “John and Yoko: above us only sky” izanen da irekiera filma, bertan “Imagine” kantu ezagunaren sorkuntza prozesua erakusten da John Lennon, Yoko Ono eta beraiekin lanean ari zen taldearekin. Orain arte argitaratu gabe zeuden irudiekin, bi kamerekin filmatutako lan prozesua agertzen da. «Pentsatu dugu zorte ona eman diezagukeela, eta gainera kantu ezagun horretan proposamena egiten da mundua beste era batera begiratzeko», azaldu zuen presidenteak.

Izan ere, jaialdirako hautatu dituzten obren artean, errealitatearen testigantzak ez ezik, kritikak edota ekarpenak egiten dituzten lanak ere badaudela daitezkeela baieztatu zuen lehendakariak. «Ez da dena beltza, istorio inspiragarriak ere badira hautaketan».

Inpaktua izeneko sail berezian norabide horretan doazen filmak sartu dituzte. «Dokumentalak aukera handia ematen du justizia soziala, ingurumena eta eskubideen defentsa... jorratzen dituzten istorioak eta gaiak lantzeko. Sail honetan mundu hau hobetzeko xedea duten filmak agertzen dira», azaldu zuen Georgetek.

CNC erakundeak (Zinema eta Irudi Animatuen Zentro Nazionala, frantsesez) laguntzak emanen ditu sail honetako filmen hedapenerako. Datozen urteetan oraindik gehiago zabaltzea da xedea, zinema areto eta jaialdietatik kanpo. Horrelako tokietara bertaratzeko aukera ez dutenengana filmak hurbiltzeko.