Donostian jada danbor soinuak entzuten dira

Aurten danborrada kopuruak markak hautsiko ditu Donostian, igande honetan iaz baino lau konpainia gehiagok parte hartuko baitu San Sebastian egunean. 18.000 pertsonatik goitik desfilatuko du Gipuzkoako hiriburuko auzoetan eta karriketan.

Kazeta|18/01/2019 07:40|0 commentaires
Haurrak-2
Desfilatuko duten 147 konpainietatik 137 mistoak izanen dira. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

2019ko San Sebastian egunak parte hartzeari dagokionez marka berri bat ezarriko du bere historian. Bertakoek hiriko urteko besta nagusitzat dute danborrada, ez haatik agorrilean batez ere turistei zuzentzen zaien Aste Nagusia. Parte hartuko duten konpainiek 24 orenez astinduko dituzte danborrak.

Aurten 18.399 pertsonak parte hartuko dute, horietatik 7.681 emazte eta 10.781 gizon izanen direlarik. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emazteek pairatzen segitzen duten diskriminazioarekin alderatuta, azken urteetan geroz eta emazte gehiago dira Donostiako danborradan naturaltasunez parte hartzen dutenak.

Desfilatuko duten 147 konpainietatik 137 mistoak izanen dira. Bakarra da osoki emazteez osatua eta bederatzi gizonezkoenak. Konpainia bakoitza “Danbor Nagusiak” zuzentzen du eta edizio honetan horietatik laurden bat inguru emazteak izanen dira.

Besta larunbat eta igande arteko gauerdian hasiko da. Ohikoa denez, Donostiako ikurra eta ikurrina igoko dituzte eta 24 oreneko besta egun oso baten ondotik, urtarrilaren 20ko gauerdian bukatuko da. Konpainia bakoitzak ordutegi eta ibilbide bat izaten duenez, egun osoan zehar danborradak nonahi eta noiznahi aurkitzen ahalko dira.

Helduez gain, haurren danborrada ere eguneko hitzordu garrantzitsu eta hunkigarria izaten da. Urtarrilaren 20ko eguerditan milaka haur beren eskolak ordezkatuz aterako dira. Donostiako Herriko Etxearen aitzinetik abiatuko dira hiriko karrika nagusiak zeharkatzeko.