Maite UBIRIA
Entrevue
ANAIZ FUNOSAS
BAKE BIDEAKO LEHENDAKARIA ETA EUSKAL DELEGAZIOKO KIDEA

“Goazen aurrera, segi dezagun bidea eginez, oztopo berriak jarri gabe”

Baiona eta Bilboko manifestazioen atarian, seinale berriak igorri zituen Justizia Ministerioak. Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariaren erranetan, mobilizazioek “agenda berreskuratzeko” mezu garbia eman du.

Anaiz Funosas, Bake Bideako lehendakaria.
Anaiz Funosas, Bake Bideako lehendakaria.

2017ko udazkenaz geroztik presoei ezartzen zaien salbuespen politika bertan behera uzteko dozenaka hartu-eman izan ditu euskal delegazioak frantses Justizia Ministerioko ordezkariekin. Vendôme plazatik, hain zuzen, mezu berriak heldu berri dira, azken hilabeteetan presoak Euskal Herritik gertu diren espetxeetara ekartzeko mailakako prozesuan izan den etenaldiak elkarrizketaren haustura ekarri duela ezeztatzeko xedez. 2017ko abenduaren 9an Parisen bezala larunbatean Baionan izan zen mobilizazio jendetsu bezain anitzak «azkartze berria» ekarriko duelakoan da Funosas.

«Orain Presoak» martxaren atarian, Justizia ministroak euskal delegazioak Eguberri bezperan iragarri zuen elkarrizketen blokeoari erantzun zion, eta deus ez dela hautsi esan du...

Nicole Belloubet ministroaren hitzek agerian jarri dute euskal delegazioko kideok aitzinetik aipatu genituen desadostasunak eta oztopoak zer gaitan kokatzen diren. Beraz, arazoaren aitortza bada. Mamiari dagokionez, ministroak aldarrikatu zuen zuzenbide edo legearen errespetuan jarduteko borondatea, baina, horrekin ados izanda ere, arazoa da elkarrizketa horretan berriro ere nabarmendu zuela zuzenbidea ez dela berdin guztientzat aplikatzen. Hori ez da inondik inora onargarria, ez guretzat, ez urtebete lehenago Parisen eta larunbatean Baionan berriz ere karrikak bete zituzten herritarrentzat. Ene ustez, desfase handia bada euskal gizarteak, bere aniztasunean, bere gehiengo politiko eta sozialaren sostengu iraunkorraz, eskatzen duenaren eta Parisek ezarri duen erritmo motelaren artean.

Izan ere, bi aitormen egin zituen ministroak, presoek beraiek eginiko urratsa zein euskal delegazioaren eskutik eraikitako bidea balioetsiz.

Delegazioak berak egin bezala lan molde eta elkarrizketa ariketaren bertuteari buruz egin zuen aitormena zinez positiboa iruditu zitzaidan. Balioan jarriko nuke presoen Kolektiboak jorratutako bideari eginiko aipamena. Bestalde, berarekin bat nator, Euskal Herrian osatu den delegazio anitzaren eskutik mahai gainean ezarri zen agenda zehatzak eraman gintuelako lan esparru hori irekitzera. Bat gatoz egindako lana nabarmentzeko orduan. Horregatik, oinarria lege arrunta aplikatzea bada, gure mezua argia da: goazen aurrera, segi dezagun bidea eginez, oztopo berriak jarri gabe.

Hainbat gerturatzeri betoa ezarrita, «kasuz kasuko» eskema horri buruz, bereak egin du?

Belloubetek Iparraldeko gizarteari hitz egin zion manifestazioaren atarian. Baionan –eta Bilbon– bildu zen jendetza ikusita, gure gizarteak erantzun azkarra eman duela esango nuke. Herritarrek aitzina egiteko agindua berretsi dute. Horrendako, hemendik aurrera tokatzen zaiguna da formulak bilatzea korapiloak askatzeko. Hurbilketak presoen profilen arabera deliberatzea ez da zilegi, are gutxiago aintzat hartzen bada lehenagotik ere profil ezberdinak zituzten presoak mugiarazi zituztela aparteko arazorik gabe. Errepikatzen dut, gizarteak argi adierazi du ez duela nahi preso eta senide bakar bat ere gehiago urrunketaren zurrunbiloan murgiltzea. Legea denontzat da. Horretan ados bagara, desblokeatzea etorriko da.

Hainbat biktima elkartek eginiko oharrek oihartzun handia dute, antza, Parisen. Euskal delegazioak badu ekarpenen bat egiterik eremu horretan? Biktimekin hitz egiteko gomendioei buruz zer diozu?

Sufritu duten herritar guztien mina aitortzeko ariketa egitea proposatzen badigute, guk esaten diegu prest garela. Are, dagoeneko egin ditugula urratsak, nahiz eta horretaz, beste gauza anitzez bezala, ez dugun gustuko publikoki gehiegi hitz egitea. Pedagogia egiteko gurekin kontatu dezakete: entzun ditzagun min guztiak, inor mespretxatu gabe. Ez diezaiogun bozgorailua eman batzuei bakarrik, are gutxiago legearen aplikazioari buruz erabakitzeko ahalmena aitortu. Mendekua ezin baita hizpide izan, prozesu hau, hasieratik, eskubideen gainean sustraitua izan denean.

Emazteen edo preso isolatuen aferei dagokienez aitzina egitea posible ikusten duela esan du Parisek. Karrikatik bulegora berriz jauzi egiteko gonbita?

Gobernu ordezkariek lanean segitu nahi dutela nabarmendu dute. Guk ere ezer ez dela hautsi esan nahi diegu, prest garela gure engaiamendua bururaino eramateko. Karrikatik heldu den agindua betetze aldera, goazen moduak bilatzera emazte presoen egoera aldatzeko, bakarrik geratu diren presoak Mont-de-Marsan edo Lannemezanera gerturatzeko. Baita preso gaixo eta zigor luzeak bete dituztenak etxerantz bideratzeko ere. Oztopo teknikoak –eta bereziki politikoak– altxatzeko borondatea bada, aitzina eginen dugu.