Kazeta

9.000 manifestari Baionan eta 76.000 Bilbon, euskal presoen eskubideen alde

Euskal presoen eskubideen alde “Orain Presoak” lemapean urtarrilaren 12an egindako mobilizazioan 76.000 lagun bildu ziren Bilbon eta 9.000 Baionan. Irakurritako agirian, Michel Berhokoirigoin bake artisauak eta Anaiz Funosas Bake Bidearen lehendakariak egungo mementoa “historikotzat” jo zuten, “Euskal Herri baketsu eta demokratikoa” eskura dagoela konbentziturik.

Euskal presoen senideek pairatzen duten sufrimendua salatu zuten manifestazioan. (Bob EDME)
Euskal presoen senideek pairatzen duten sufrimendua salatu zuten manifestazioan. (Bob EDME)

“Ministerioarekiko elkarrizketak berrabiatu behar dira”, berretsi zuen Michel Berhokoirigoin bake artisauak. Urte hastapenean euskal presoen eskubideen alde egin ohi den manifestazioaren hitzordua aurten Bilbon eta Baionan emana zen. Mediabask-ek egindako kontaketaren arabera, Lapurdiko hiriburuan 9.000 lagun atera ziren karrikara. Poliziak 8.500 lagun zenbatu zituen. Aktore politiko, sindikal, sozial, kultural eta erlijioso ainitzek babestu zuten Bake Artisauek eta Bake Bideak deituriko mobilizazioa. Larunbateko indar erakustaldiaren bidez Parisi eta Madrili euskal presoei auziari aterabidea emateko eskatu zieten.

Joan den abenduaren 14an Frantziako Justizia Ministerioarekin euskal preso politikoen auzia konpontzeko elkarrizketak blokaturik zeudela iragarri ondotik, ministerioan ardura hori duen Hélène Davok erran zuen bere atea idekia zegoela. Nicole Belloubet Justizia Ministroak berak urtarrilaren 11n France Bleu Pays Basque irratiari eskainitako elkarrizketan berretsi zuen posizio hori.

2017ko apirilean gauzatu zen ETAren armagabetzearen ondotik urte bereko urrian abiaturiko elkarrizketen baitan, Frantziako Gobernuak 25 preso hurbildu ditu eta beste 22ri DPS estatusa kendu die. Alta, azken hilabeteetan egoera blokatu da eta Bake Bideak eta Bake Artisauek aitzinamendu berririk ez dela egin erran izan dute, nahiz eta 2018ko maiatzaren 3an ETAk bere desegitea iragarri.

Manifestazio zabala

“Orain Presoak” lema zuen oihalezko banderola handi batek ideki zuen arratsaldeko 5etan Baionan abiatu zen manifestazioa. Eramaileen artean ziren euskal kulturaren aurpegi ezagunak: Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariak, Peio Ospital eta Amaia Riouspeyrous kantariak, Marie Cosnay, Martine Bouchet eta Eider Rodriguez idazleak, Ximun Fuchs aktorea edota Fermin Muguruza musikaria.

Haien gibelean, “Bakea Euskal Herrian, Orain Presoak” banderolan Justizia Ministerioarekin 2017ko uztailetik elkarrizketatzen ari den ordezkaritza nabarmentzen zen: Anaiz Funosas Bake Bidearen lehendakaria, Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Vincent Bru diputatua eta Michel Berhokirigoin bake artisaua. Lehen lerroan ziren ere Ipar Euskal Herriko hautetsi eta auzapezak: Paul Baudry Basusarriko auzapeza, Kotte Ecenarro Hendaiakoa, Michel Venauc Biarritzekoa, Martine Bisauta Baionako hautetsia, Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza, Denise Saint-Pé Módemen senataria eta Max Brisson Les Républicains alderdiaren senataria.

Alderdien (Módem, EELV, Les Républicains, Frantziako Alderdi Sozialista, EH Bai, La République en Marche, PNB, EH Bildu eta Generation.s) eta sindikatuen (LAB, FSU, ELA, CGT. Euskal Herriko CFDT) ordezkaritza zabalak mobilizazioaren aniztasuna garbiki islatu zuen. Baita aitzinetik bat egin zuten apaizen presentziak ere.

Izan ere, larunbateko manifestazioak 102 auzapezen sustengua lortu du, hau da, Ipar Euskal Herriko auzapezen %65ena, 80 sindikalistena, 40 apezena eta kultura arloko 70 bat pertsonalitaterena.

Gibelerago euskal preso politikoen senideek euskaraz eta frantsesez idatzitako “Etxean nahi ditugu” oihala eraman zuten. Manifestazioaren burua hetsiz, gazte mugimendu, eragile sozial, gaztetxe edo besta komiteetako ordezkariek “Orain Presoak” zioen pankartari eutsi zioten.

Elkarrizketak berrabiatzeko deia

“Salbuespenezko neurriak kentzea, eskubide bat baita lehenik ez da iritzi kontu bat, ezin da interes edo aukeren arabera moldatzen den eskubide bat izan”, adierazi zuen Michel Berhokoirigoinek.

Irakurritako agirian euskal presoen auzian aitzinamenduak aldarrikatu zituzten: “hurbilketaren gaia oraindik hor da, DPS estatusarena, isolatuak diren presoena, emazteena, baldintzapeko askatasunena, batez ere 30 urteko kartzelaldira heltzen diren Txistor Haranburu, Jakes Esnal eta Jon Kepa Parotena… Ezin gara blokeo egoera horretan gelditu”, berretsi zuen Anaiz Funosasek.

Oroitarazi zutenez, “prozesuaren bukaera ez da ETAren bukaerarekin iritsi. Urrunago joan behar dugu: presoen gaiaren konponbidearen arloan, salbuespen neurri guztiekin bukatu behar da, trantsiziozko justiziari esker, munduko beste gatazka guztietan egiten den bezala”.

Justizia ministerioarekiko elkarrizketak berriz abiatu beharko liratekeela aldarrikatu zuten Funosasek zein Berhokoirigoinek: “mahaiaren gainean bide orri eta agenda bat behar ditugu eta baita konfiantzaren haria berreskuratu ere”.