Kazeta

Bi urteko zigorra onartu du Jean-François Lefortek

2001ean abiatutako Amnistiaren Aldeko Batzordea eta Askatasunaren kontrako auzia dela eta, Jean-François Lefort epaitu nahi izan dute abenduaren 12an Auzitegi Nazionalean. Azkenean, bi urteko presondegi zigorra ezatzeko akordioa onartu du militanteak.

Jean-François Lefort Auzitegi Nazionalaren aitzinean. ©Kazeta
Jean-François Lefort Auzitegi Nazionalaren aitzinean. ©Kazeta

Azkeneko urteotan sarri eman den egoera errepikatuta, bi urteko zigorra onartu du Lefortek, Naiz atariak plazaratu duenez. Horretara jaitsi du eskaera prokuradoreak, "larriak ez diren delituetarako" lege moldaketa baliatuz. Askatasunako kide izan zela onartu duela erreparatuta (publikoa zen ardura hori), ETAko kide izatearen akusazioa aplikatu dio epaiak.

Honekin 17 urtez luzatu den jazarpen egoera bukatu da. Aurretik Estatu espainolak aurkeztutako euroaginduari ezetza eman zioten frantziar auzitegiek. Auziari zegokien epaiketa 2008an egin zen Madrilen eta espetxe zigor luzeak ezarri zizkieten 21 laguni, azken urteotan bete dituztenak.

Iaz Mediabaski eskaini zion elkarrizketan, Lefortek gogoratu zuen hamalau urte zeramatzala kontrol judizialpean eta lehen bederatzi urteetan astean behin komisaldegira joan behar zuela sinatzera. Gainera, nortasun agiria kendu eta Pirinio Atlantikoetako departamendutik ateratzea debekatu zioten. 

Nortasun agiririk gabe, beste dokumentu bat eman zioten baina arazo ugari ukan zituen administrazioarekin tramiteak egiteko.

Azken laupabost urteetan kontrola zertxobait arindu zioten: hilean behin joan behar zuen sinatzera eta departamendutik ateratzeko debekua altxa zioten, baina ez Estatu frantsesetik ateratzekoa.

Neurri horiek guztiek bere egunerokotasunean arazo ugari eragin zizkioten, baina jasotako elkartasunari esker haiei aurre egin ahal izan ziela kontatu zuen Mediabasken.