Kazeta

Ahateen auzia: ELB zigortu dute eta Barkoxeko hazlea errugabetu

Paueko auzitegiak abenduaren 10ean eman du ahateen auziaren deliberoa: ELBk 5.000 euroko isuna ordaindu beharko du DDPPren teknikariei bidea trabatzeagatik eta 2.071 eurokoa administrazioari egun horietan eragindako gastuengatik. Aldiz, Cathy Chabalgoity Barkoxeko Ühartia etxaldeko hazlea errugabe jo du auzitegiak.

Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten krisiaren garaian. ©Isabelle Miquelestorena
Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten krisiaren garaian. ©Isabelle Miquelestorena

Paueko auzitegiak ahateen auzian emandako deliberoaz bilan gazi-gozoa egin du ELBk. Sindikatua kontent da Cathy Chabalgoityk neholako kondenarik jaso ez izanaz. Adierazi duenez, Barkoxeko hazleak administrazioak galdegindako neurri guziak hartu zituen ahateen hiltzearen prestaketan. Garaipentzat hartu du deliberoa, ELB eta Confédération Paysannek laborariak defendatzeko duten funtzioa osoki betetzea lortu zutelako.

Alta, epaiaren alde gazia ere nabarmendu nahi izan du euskal laborariak elkartzen dituen sindikatuak. Izan ere, ELBk 5.000 euroko isuna ordaindu beharko du DDPPren teknikariei ahateak hiltzera zihoazela bidea trabatzeagatik, beste 2.071 euro administrazioari eragindako gastuengatik eta euro sinboliko bat DDPPren buru den A. Mesplederi. Igorritako oharrean salatu duenez, ekintza sindikalerako eskubidea zigortu du justiziak eta onartezintzat jo du hazkuntza herrikoiaren defentsa kolektiboaren aitzineko errepresioa.  

Gisa berean, justiziak auzi ezberdinei buru egiteko bi abiadura eta modu dituela azpimarratu du. Ildo horretan, laborantzaren industrializazioari buru egiten diotenek errepresioa pairatu eta haiendako auziak fite heltzen direla deitoratu du. Beste aldean, aise larriagoak diren aferetan oraino auzirik ez dela oroitarazi dute. Horien artean leudeke 2013an Spangherok zaldiki lasagnekin egin iruzurra, 2014ean Morlaixeko MSAren eraikinaren sutea edota 2017an Vivadour kooperatibak hegaztien gripearen hedapenean ukandako papera. “Zoin dira eritasunaren hedapenean ardura duten eragileak identifikatzeko inkestak?” galdera pausatu du.

Sindikatuak auzitegiaren deliberoari helegitea jarriko dion ala ez aste honetan erabakiko du. Edozein gisaz, garbi adierazi du “gero eta neurri teknokratikoagoak dituen administrazioaren parean, laborariak defenditzen segituko dugula, zentzu onez jokatuz eta eguneroko errealitatetik hurbil”.