Kazeta

Abenduan bost euskal herritar epaituko dituzte Parisen

2015eko uztailean Orzaizen atxilotuak izan ziren Iñaki Reta, Xabier Goienetxea, Terexa Lekunberri, Jef Mateo eta Grazi Etxebehere abenduaren 17, 18 eta 19an epaituko dituzte Parisko auzitegi korrekzionalean. Kalera Kalera ekimenak Frantziako justiziari testuinguru politikoa kontuan hartu eta ildo errepresiboa alde batera uzteko galdegin dio.

Grazi Etchebere Mateo eta Lekunberriren etxeko operazioaren ondotik atxilotu zuten poliziek. © Bob EDME
Grazi Etchebere Mateo eta Lekunberriren etxeko operazioaren ondotik atxilotu zuten poliziek. © Bob EDME

Abenduaren 17, 18 eta 19an bost euskal herritar epaituak izanen dira Parisko auzitegi korrekzionalean. 2015eko uztailaren 7an ETAren kontrako polizia operazioan Iñaki Reta, Xabier Goienetxea, Terexa Lekunberri eta Jef Mateo atxilotu zituzten Orzaizen. Bi egun berantago Grazi Etxebehere atzeman zuten. Egun haietan ehunka herritar mobilizatu ziren, operazio hura bake prozesuaren kontrako erasotzat hartu baitzen.

Orduz geroztik Iñaki Reta eta Xabier Goienetxe preso dira. Egun, Fresnesko presondegian dituzte. Terexa Lekunberri, Jef Mateo eta Grazi Etxebehere berriz, kontrol judizialpean aske geratu ziren. Atxiloketak testuinguru politiko zehatz batean izan ziren. Hilabete lehenago Frantziako Asanblada Nazionalean Bake Konferentzia egin baitzen eta ETA erakundea armagabetzean parte hartzeko Frantziako Estatua interpelatu baitzuten ehundik goiti pertsonalitatek. Garai hartan ere, ETA bere armategien zigilatze prozesuan murgildurik zen, armagabetzearen atariko urratsean, hain zuzen.

Epaiketa ere testuinguru berezian

Parisen eginen den epaiketa bera testuinguru politiko berezian heldu da. Kalera Kaleraren iritziz, azken urteetan jendarte zibilak bultzada garrantzitsua eman dio bake prozesuari. Blokeoen gainetik, “armagabetze zibila” eta Frantziako justizia ministerioarekin idekitako elkarrizketa bidea azpimarratu ditu euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenak. Euskal presoen inguruan egin diren hainbat urrats oroitarazi ditu eta baita ETAk maiatzaren 4an bere desegitea iragarri izana ere.

Halaber, kontuan hartzekoa da epaiketa hau Parisen abenduaren 13an eginen den konferentziaren ondotik iraganen dela. Justuki, Parisko Abokatuen Kolegioan ETAren desegitearen ondoren hartu beharko liratekeen erabaki judizialak izanen dira eztabaidagai.

Manifestazioa Elorrion eta autobusa Oreretatik

Epaiketaren harira, heldu den abenduaren 15ean Elorrion (Bizkaia) “Bada garaia, Iñaki gurekin!” lemapean manifestazioa eginen da. Bere herrikideek Iñaki Retaren ibilbidea gogora ekarri nahi izan dute. 1982tik 1996ra preso egon zen Espainiako Estatuan, ETAko kide izatea leporatuta. 2008an Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian auzipetu zuten, 8 urteko zigorra jasoz. Hainbat urte klandestinitatean eman ondotik, 2015ean Orzaizen atxilotu eta ordutik hiru urtetik goiti daramatza preso. Epaiketaren atarian haren askatasuna eskatuko dute.

Bestetik, epaiketan Xabier Goienetxeari eta auzipetu guziei elkartasuna adierazteko autobusa antolatu dute Oreretan (Gipuzkoa). Heldu den abenduaren 18an abiatuko da Pariserat.