HARITZ LARRAÑAGA

Espekulazioa salatu dute Lapurdin

Ekintza sinbolikoak obratu dituzte EH Bai, Herri Berri eta Aitzinako kideek Angelun zein Donibane Lohizunen IFO Higiezinen enpresaren kontra.

EH Bai, Herri Berri eta Aitzinako kideak, kateatuta. (Bob EDME)
EH Bai, Herri Berri eta Aitzinako kideak, kateatuta. (Bob EDME)

Eguerdian langileak bazkaltzera joan diren unea baliatu dute sarrera blokeatu eta garabi baten goi aldean higiezinen iruzurra gaitzesten zuen pankarta handi bat zintzilikatzeko. Frederic Oraur, IFO enpresako buruak "egin duen amarrikeriaren aurrean Herriko Etxeak ez duela deus egin" jakinarazi du Peio Etxeberri-Aintxart Donibane Lohizuneko hautetsiak. Herri Berriko ordezkariak gaitzetsi duenez, "promotoreei zabaltzen zaien mezua da nahi dutena egin dezaketela eta horregatik burutu ditugu bi ekintza sinboliko horiek".

Duela urtebete salatu zuen EH Baik Frederic Oraur enpresaburuak etxebizitza sozialak egitea ekiditeko burutu zuen azpikeria. Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak aplikatzen duen PLU (tokiko hirigintza plana) egitasmoaren arabera, 10 etxebizitza baina gehiagoko proiektuetan, eraikinen %30 etxebizitza sozialak izan behar dira.

Legedia horri izkin egiteko hiru enpresa pantaila sortu zituen Frederic Oraur enpresaburuak, eta horrela, 27 etxebizitzako proiektu bat hiru zatitan banatuta, legez zegozkion 9 etxebizitza sozialak egin beharra ekidin zuen. "Agian legala izango da, baina immorala da", salatu du Etxeberri-Aintxartek eta oroitarazi du "biztanleen %80ak etxebizitza sozialak eskuratzen dituela, beste %20a osatzen duten etxebizitzen prezio altuak ordaintzeko ahalmenik ez dutelako".

Donibane Lohizuneko ekintzan parte hartu duen Aitor Servier Antzinako bozeramaileak gaineratu duenez, "etxebizitza sozialen beharra duten biztanleen %80 horren barruan, gehienak klase apaleko jendea eta gazteak dir"", eta ondorioz, "gazteentzako zinezko etxebizitza politikak eraiki eta plantan jartzea beharrezkoa da".

Herri Berriko zinegotziak jarrera eraikitzailea ere badutela azpimarratu nahi izan du eta Udalari egin dizkioten bi proposamenak oroitarazi ditu. Batetik, "Herriko Etxeari eskatu genion promotoreek egin dutena, legala izan arren, ‘zuzenbide gehiegikeria’ egin duten aztertzeko bitartekoak ezarri ditzala, zeren legedia frantsesean bada kontzeptu hori, alegia, legala izan arren bidezkoak ez diren jarrerak gaitzesteko", eta bestetik, "etxebizitza sozialak eraikitzeko tasa 10etik 5era jaitsi dezatela, horrela promotoreek iruzurra egiteko zailtasun handiak izango baitituzte".

Horren ostean, Polizia agertu da, ekintzaileek protesta amaitutzat eman dute eta langileek berriz ere lanari ekin diote.