Haritz Larrañaga

Elikagai bilketa prekaritatea handituz doan testuinguruan

Baionako Elikagaien Bankuko 800 laguntzailek azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean iragaiten ari den elikagai bilketan parte hartzen dute. Ekimena “prekaritatearen kontzientzia indartzen ari den unean” gauzatuko dela diote antolatzaileek.

Duela 31 urte sortu zen Baionako Elikagaien Bankuak urtero 1.000 tona elikagai baino gehiago biltzen ditu.
Duela 31 urte sortu zen Baionako Elikagaien Bankuak urtero 1.000 tona elikagai baino gehiago biltzen ditu.

Ipar Euskal Herriko saltegietan atzotik egiten ari den elikagai bilketa testuinguru berezian gauzatuko da. Estatu frantsesean prekaritateak gora egin duen neurrian, “txaleko horiak” egiten ari diren protestetan ere arazoa behin eta berriz mahaigaineratzen ari da. Baionako Elikagaien Bankuko kideek inork baino hobeto dakite eskariak gora egin duela eta honi aurre egiteko orduan azaroko azken asteburuan egiten duten bilketa "oso garrantzitsua" dela azpimarratzen dute, urte osoan egiten duten elikagai bilketaren %11 suposatzen baitu, Garako artikuluak azaldu duenez

“Gosearen eta gehiegizko xahuketaren kontra” leloa dute Baionako elikagaien bankuko kamioiek alde batean itsatsita. "Finean prekaritatearen kontrako borroka baita gurea", nabarmendu zuen Philippe Bonenfant lehendakariak. Ordea, Estatu frantsesean txaleko horiak egiten ari diren protestek elikagaien bilketan nola eragingo duten beldur zen Bonenfant, zeren "badirudi saltoki handietan ere blokeoak egiten hasiak direla". Baiona inguruko txaleko horiekin harremanetan jartzeko zailtasunak agertu zituen bankuko lehendakariak, "egitura finkorik ez dutelako", baina "elkarri oztopo egin gabe prekaritatearen kontrako borrokan aurrera egiteko mezua" zabaldu nahi izan zuen.

Sostengu zabala duen ekimena

Aurtengo elikagai bilketa sostengatzeko goi mailako kirolariak izan ziren Baionako Elikagaien Bankuak asteartean eskaini zuen prentsaurrekoan. «Solidari&dcTwo;&dcTwo;tatea, talde lanean egiten den zerbait delako», azaldu zuen Romain Sicard ekimenarekin bat egin zuen Hazparneko txirrindulari profesionalak. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako saltoki atarietan izango diren 800 laguntzaileek eskainitako poltsak jakiekin betetzeko gonbita ere luzatu zuen kirolariak.

Iraungitze data luzeko produktuak eta kontserbak izaten dira preziatuenak. "Aurten haragia edo arraina duten kontserbak eskatuko ditugu, horiek baitira gehien behar ditugunak", adierazi zuen Bonenfant jaunak. Asteburuan bilduko dituzten 100 tona elikagai biltegira garraiatzeko egunero erabiltzen dituzten 7 kamioiez gain, jakiak hotz mantentzeko prestatuta dauden beste 13 kamioi ere utzi dizkiete zenbait enpresak.

Kontuan hartu behar da eskola eta elkarteen laguntza ere jasotzen dutela. Esate baterako, ikasleek ere parte hartzen dute, zeren saltoki atarian izaten diren laguntzaileek bezala, beharrezko produktuen zerrenda eta poltsatxoa ematen diete beren gurasoei. Gauza bera egiten dute bazkide asko dituzten elkarteek ere.

Eguneroko lana

Astelehenetik ostiralera, egunero 140 laguntzaile eta soldatapeko bi langile aritzen dira lanean Baionan 4.000 otordu eskaintzeko. Duela 31 urte sortu zen Baionako Elikagaien Bankuak urtero 1.000 tona elikagai baino gehiago biltzen ditu, jasotako elikagaiak banaketaz arduratuko diren Gurutze Gorria edo Emaus bezalako 27 elkarteren artean banatzeko. Saltoki handien soberakinetatik (%61) eta lekuko zenbait enpresa pribatuk egiten dituzten ekarpenei esker (%10) eskuratzen dituzten elikagaiez gain, Europako banku orokorretik ekartzen dituzten elikagaiak ere biltzen dituzte (%18).

Egunerokoan gehien eskuratzen dituzten jakiak barazkiak, frutak edo epe laburrean jan beharreko produktuak izaten dira, horregatik aparteko bilketak egiten dituztenean epe luzera kontserbatu daitezkeen produktuak eskatzen dituzte. Baionako Elikagaien Bankuak gainera, ekainean ere aparteko beste bilketa bat egiten du, baina ekaineko bilketa askoz ere apalagoa izaten da, laguntzaileak aurrez hitzartutako bizpahiru saltokietan bakarrik ezartzen baitira.

Gero eta behardun gehiago

Baionako Elikagaien Bankuak ez du harreman zuzenik jakiak jasotzen dituzten familia eta pertsonekin, baina Estatu frantsesean egindako ikerketa baten arabera, jateko sostengua jasotzen duten pertsonen profila, batez beste, 45 urteko pertsonek osatzen dute. Horietatik %70 emakumezkoak dira, eta bakarrik bizi dira edo beren haurrekin guraso bakarreko familia osatzen dute. %60k gainera, osasun arazoak ditu.

Laguntza behar duen kide askok lanpostu bat du eta iraunkorki etxebizitza batean bizi da (%85), baina %84k batez beste 799 euroko diru sarrera du hilean. Alegia, duela bi urte baino 15 euro gutxiago eta duela 6 urte baino 69 euro gutxiago. Ondorioz, diru sarrerak beherantz doaz, baina laguntza behar duten pertsona kopuruak 14 puntu gora egin du azken bost urteetan.

Iaz baino plaza gehiago Ipar Euskal Herriko neguko aterpeetan

Abenduaren 1ean hasi eta martxoaren 31 bitartean luzatzen den negu sasoi hotzari aurre egiteko Ipar Euskal Herriko aterpetxeetan ezartzen den plan berezia martxan da. Urte osoan zehar 55 pertsonari ostatu emateko azpiegitura finkoa dago, baina neguan eskaintza handitu egiten da. Horrela, datorren neguan beste 50 plaza eskainiko dira.

Urtean zehar Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eskaintzen diren 148 plazak motz geratzen dira, ondorioz 86 plaza gehiago eskainiko dira datozen lau hilabeteetan. Honek esan nahi du, Bearnoko eta Ipar Euskal Herriko aterpeen artean, iaz baino 86 plaza gehiago eskainiko dituztela.H.L.