Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista

Azaroak 25: aldarri feminista, Ipar Euskal Herritik

IRITZIA- Azaroaren 25ean iragaiten den Emazteen kontrako bortizkeriaren egunaren karietara, gaur egungo egoerari buruzko iritzia plazaratu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak.

Baionan antolatutako elkarretaratzea.
Baionan antolatutako elkarretaratzea.

Urtero munduko hameka txokotan, baita Euskal Herrian ere, azaroaren 25a, emazteenganako indarkeriaren aurkako eguna, hor dugu ate joka. Hamarkada gehiegi ondoren oraindik ere, gure agendetan presente den eguna dugu. Sistema patriarkalak eragiten dituen bortizkeriak une oro jasaten ditugu, eta hameka bisaia ditu gainera. Bortizkeriaz mintzo garenean, emazteak gutiesteko erraten, egiten, pentsatzen diren hitz, keinu eta ideia guziak gogoratzen ditugu. Berriz ere, ezinegona eragiten digun egoera honen aitzinean beraz, karrikara ateratzea dagokigu.

#Metoo mugimenduaren eraginez, eraso sexisten gaiak nehoiz ez bezalako oihartzuna hartu zuen mundu mailako sareetan: jatorri, lanbide, klase-sozial anitzetako emakumeek, txioen edo Facebookeko mezuen bidez, publikoki salatu zituzten urteen joanean jasandako jazarpenak. Lau haizetara oihukatu zuten erasoak ez direla fenomeno isolatuak, emazte izanki, sistematikoki erasotzen gaituela patriarkatuak, haiek, zuek eta baita gu ere.
Emazteenganako indarkeriaren aurkako eguna hurbiltzen ari zaigun honetan, hainbat frantses eragilek, #Metoo kanpainaren jarraipen gisa, Parisen ibilaldi baterako deia egin dute #NousToutes lelopean. Aldi berean, Pariseko mobilizazioaren osagarri, “lekuko” komiteak ere sortu dira, haien hitzetan “Frantziako eskualde desberdinetan” ere martxak antolatzeko. Hala, Ipar Euskal Herrian diharduten elkarte feminista batzuek bat egin dute #Noustoutes ekimenarekin.

Alta, artikulu honen izenpetzaileok, gogoeta-prozesu baten ondotik, arrazoi sakonak ikusten ditugu Ipar Euskal Herriko feminista garen aldetik, #Noustoutes ekimenarekin bat ez egiteko. Horien artean da jasaten dugun zapalkuntza bikoitza. Izan ere, inposatutako lurraldetasunaren baitan, sistemak oraindik bortitzago mugatzen du gure askatasuna. Hots, ipar euskal herritar izateagatik, are zailagoa zaigu jadanik  emazte izateagatik plazetan ukatu zaigun espazioa berreskuratzea. Zer erranik ez, gure aldarriak Errepublikaren hizkuntza ez den bertze batean eginez gero. Gauzak horrela, ez dugu gure burua frantziar ikuspegi zentralista oinarri duen proiektu batean kokatu nahi, aldarrikapen feministen kari izanik ere.

Baten batek pentsa dezake, lurralde ikuspegi honek alferrikako mugak ezartzen dizkiola emazteon borrokari. Ez, inola ere ez. Kontziente gara emazteon zapalkuntzaren eta erasoen aurkako ahaleginak ezin duela mugarik ukan. Edozein gisaz, emazte eta norbanako gisa erabateko askapena lortzeko Euskal Herri parekide baten eraikuntzaren alde egin behar dugu lan, gaur egungo banaketa politiko-administratiboaren mugetan ez baita horretarako tarterik. Ez baita gauza bera gure herrian Euskal Herritar edo Frantziar izatea, gizon edo emazte. Hor da Baionako besten kasua, erraterako. Bertan biltzen gara Ipar Euskal Herriko gazteak uztail bukaeran. Bizi dugu bazterketa Euskal Herritar izateagatik; hor gara Patxa Plazan eta Baiona ttikian, baina hortik kanpo, frantses arteko girora murgildu behar gara. Gure herrian, baina gure herritik kanpo. Pentsa zer den hori emazte izanki. Etxerako bidean edota sinpleki, komunera joatean, otso taldeen artetik iragan behar izatea. Goitik beherako begiradak jasaten ditugu, edota hunkitzeak taberna ertzera goazelarik.

Hori guzia salatu nahiko genuke. Emazte bezala bizi duguna salatu, baina euskaraz. Ba al dugu horretarako espaziorik? Lortzen al dugu Ipar Euskal Herriko jendearengana euskaraz iristen?

Xede horrekin, Ipar Euskal Herriko feministon arteko saretzea sustatu nahi dugu, Hego Euskal Herriarekin elkarlan estuan, bakoitzak beretik emanez, zailtasunetan batak bertzea lagunduz. Etorkizunean zapalkuntza guzietatik aske eginen gaituen jendartea erdietsi arte aho batez oihukatu nahi dugu, (in)justizia patriarkal honen aitzinean, saretze feministari ekinen diogula. Sinpleki, karrikan gauez eta bakarrik, lanean, kirolean, etxean, ez gaitzaten eraso, emazte izate hutsagatik.

Aipatzen dugun hau, zalantzarik gabe, bide luzeko lana izanen da. Baina, bidea beti da laburrago, arinago elkarlanean. Horregatik, hemen bildu garen emazteok azaroan 25an, igandez, 12:00etan Baionako Herriko Etxe aitzinean elkartzera deitzen zaituztegu. Zinez beharrezkoa baita, erasoen kontrako oihua gure lurraldetasunetik, Ipar Euskal Herritar gisa heda dezagun, Euskal Herri parekidearen alde.

(IN)JUSTIZIA PATRIARKALAREN GAINETIK, SARETZE FEMINISTA! GORA BORROKA FEMINISTA!

Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista
Ana Imaz
Amaia Hinoux Arostegui
Armelle Etchenique Lacroix
Kamila Gratien
Argitxu Dufau
Mireia Mochales Zumelaga
Elorri Algalarrondo
Arantza Egiguren
Irati Alcantarilla
Larraitz Otazo Mugaburu
Garbiñe Beraetxe
Hegoa Baños Olabarri
Anne Fernandez
Itxaso Beraetxe
Ainhoa Sarasua
Josebiñe Agirre Soto
Irati Fernandez
Oneka Jauregi
Joana Barbier
Ainhoa Dubrana Lapitz
Nahia Sasco
Mayi Goikoetxea
Miren Oillarburu
Pauline Guelle