Kazeta

Mikel Laboa omentzeko emanaldiak, bere heriotzaren 10. urteurrenean

Abenduaren 1ean hamar urte beteko dira Mikel Laboa kantari eta musikaria zendu zela. Urteurrenaren karietara, Ipar Euskal Herrian hainbat ikusgarri eta ekitaldiren bidez kantari donostiarra omenduko dute.

Mikel Laboa 2008ko abenduaren 1ean zendu zen.
Mikel Laboa 2008ko abenduaren 1ean zendu zen.

Ainitzentzat XX. mendeak eman duen euskal kantari esperimentatzaile ezagun eta eraginkorrena izan zen Mikel Laboak 2008ko abenduaren 1ean eman zuen bere azken hatsa. Aurten hamar urte beteko dira heriotza hartatik eta urteurren hori dela eta, Laboa omentzeko zenbait ikusgarri antolatu dira.

Uztaritze da horietako bat. Musikas Errobi lurralde eremuko eskolak “Mugak” eguna antolatu du heldu den abenduaren 1ean Lapurdiko herrian. Egunari goizeko 10.00etan emanen zaio hastapena, Uztaritzeko ikastolan iraganen den “Laboa flamenkoa” mintzaldiarekin. Juan Gorostidi, Beñat Achiary eta Pantxoa Etxegoinek kantari donostiarrak flamenkoari zion estimua azaltzearekin batera, egin izan zuen ekarpena ere ezagutaraziko dute.

Arratsaldeko 15.00etatik 17:45era bitarte, Kiroleta kiroldegian margolanen erakusketa izanen da ikusgai. Ikastolako 5. urteko ikasle nahiz irakasleek 40 obra inguru egin dituzte, If Matxikote uztariztar artistaren laguntzarekin. Margolan hauek Laboaren eta Jose Luis Zumeta margolariaren obretan oinarritu dira.

Omenaldiaren ekitaldirik nagusienak musikari hertsiki loturik behar zuen. Hala, Kiroleta berean, arratsaldeko 18.00etatik goiti kontzertua izanen da. Mikel Laboaren errepertorioa eskainiko dute Musikas eskolako, Xalbador Kolegioko eta San Josepe Lizeoko ikasleek eta Beñat Achiaryk. Sartzeak balio dituen 5 euroen barnean 52 orrialdeko liburuxka bat ere emanen dute, kantuen hitzekin eta grafismo bereziarekin, Mikel Laboaren obraren transmisioa segurtatua izan dadin.
 
“Izarren hautsa” ikusgarria

Bestalde, Maialen Alfaro eta Philippe Alborrek “Izarren hautsa” ikusgarria prestatu dute. Emanaldia herri ezberdinetan ikusi ahalko da. Azaroaren 24an Uztaritzeko mediatekan, goizeko 10.30ean. Azaroaren 28an berriz, arratsaldeko 15.00etan Hiriburuko La Perle gelan eta abenduaren 22an, 11.00etan Irisarriko Ospitalia zentroan.

Abenduaren 1ean, 18.00etan Baionako Euskal Museoan Mikel Laboa gehiago ezagutzeko asmoz eta Euskaraldiaren baitan, gomita bereziak izanen dira. Josune Albisu Barandiaran antropologoak “Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu” tesiaren defendatzaileak eta Pantxika Erramuzpe Alfaro kantari eta olerkariak parte hartuko dute. Erramuzpe aldudarrak 60ko hamarkadaren amaieran Laboa ezagutu eta harekin kantatzeko parada ere ukan zuen.