Chronique
 
Ahobizi eta belarriprestetatik haratago

IRITZIA- Biriatu, Hendaia, Urruña, Ziburu eta Orereta ikastolen artean sinatutako “Zubiak Eraikiz” hitzarmenaren izenean diogu: Euskaraldia euskaldunok elkartzeko ariketa ere bada.

Biriatu, Hendaia, Urruña, Kaskarotenea eta Orereta Ikastolak|19/11/2018 07:00|0 commentaires
Aek-euskaraldia
Euskaraldiaren harira landutako materialaren aurkezpena, Bilbon. (@AEK_eus)

Ipar zein Hego Euskal Herriko euskal hiztunek euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin jaio da Euskaraldia. Hizkuntza-ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen da: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin ahal izango dugu euskaraz Euskal Herri osoan, egunerokoan eragin dezakeela sinetsita.

Bi estatutan bizi arren, Euskal Herriak duen hizkuntza propioaren jabe gara gu. Ofizialtasun ezak, zonifikazioak zein kultura eta hizkuntza hegemonikoek nola eragiten duten aintzat hartuta, ezinbestekoa da Euskal Herri osoan hizkuntza-ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze-eredua ezartzea; etorkizunean elkarbizitza ardatz izatea nahi bada, behintzat.

Lapurdiko ikastoletako eta Orereta Ikastolako lagunek bat egingo dugu Euskaraldian, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialean. Errespetuz eta adeitasunez euskara erabiliz herri bat osatzen dugula adierazteko beste modu bat jarriko dugu indarrean. Europako txoko honetan mundua kolore propioz janzteko gai garela erakutsiko dugu.

Azaroaren 19an, “Euskaraldia Badator: izan kantuz” ekimena ospatuko dugu. Bertan, bost ikastoletako 1300 ikaslek hartuko dugu parte.

Euskaraldiaren sustatzaile izango gara eta hala izan nahi dugu. Euskaraldia herri-apustua da; konpromisoa eskatzen duena; ikuspegi zabala izan eta hala jarduten duena. Ikastolona bezalaxe.

Biriatu, Hendaia, Urruña, Kaskarotenea eta Orereta Ikastolak