Kazeta

Euskal Herriko zuhaitzen jakintza sustatzeko liburua aurkeztu dute

Euskal Herriko ingurumena eta ekonomia indartzeko xedea duen Hemen elkarteak “Zuhaitzak Euskal Herrian” liburua aurkeztu du joan den azaroaren 13an. 2010ean argitaraturikoa agortu ondotik, edizio berriari zortzi orrialde gehitu dizkiote.

Jean-Mixel Bide, Jakes Casaubon eta Jean-Louis Harignordoquyk aurkeztu dute liburuaren edizio berria.
Jean-Mixel Bide, Jakes Casaubon eta Jean-Louis Harignordoquyk aurkeztu dute liburuaren edizio berria.

“Euskal belaunaldi berriak zuhaitzen balioaz ohartaraztea eta sentiberatzea”. Hori da Hemen elkarteak aurkeztu duen “Zuhaitzak Euskal Herrian” liburuaren edizio berriaren xede nagusietako bat. “Zuhaitzen jakintza baserritar guziek zuten kultura bat zen, euskaraz kontaturik, oraino aberatsagoa. Azken hamarkadetan franko galdu baita, berriz jendarteratzeko beharra sentitu genuen”, adierazi dute aurkezpenean.

Liburuaren lehen edizioa 2010ean argitaratu zen. Adrien Gachiteguy apaiz, laborantza ingeniari eta irakasle ohiak 1963an idatzitako “Laborantzatik hobeki bizitzeko” liburua hartu zuten abiapuntu gisa. Hemen elkarteak Gachiteguyri bere jakintza guzia idazteko proposatu zion. “Zuhaitzak Euskal Herrian”. Sagartzea elkarteko Mirenchu Parachu-Elissalde, Pantxika Maitia eta Gabriel Durrutyk gereziondo eta sagarrondoen atalarekin osatu ahal izan zuten. 

Edizio berri bat ateratzeko zortzi orrialde eranstea proposaturik, uda honetan zendu den Gachiteguyk gogo onez onartu zuen gehigarri baten idaztea eta horrela argitaratu dute orain bigarren edizioa. Liburuak Euskal Herriko zuhaitz mota guzien berezitasunak biltzen ditu, lau koloretako argazkiekin eta 20 eurotan eskuratzen ahal da liburu-dendetan.