Kazeta

LAB ospitaleko funtzio publikorako hauteskundeetan izanen da

Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroak LABek aurkeztutako zerrenda errefusatu ondotik, Paueko administrazio auzitegiak sindikatu abertzaleari arrazoia eman dio. Ondorioz, heldu den abenduaren 6an hasiko diren hauteskundeetan parte hartuko du.

Paueko auzitegiak azaroaren 8an aztertu zuen LABen errekurtsoa.
Paueko auzitegiak azaroaren 8an aztertu zuen LABen errekurtsoa.

Justizia frantsesak deliberatu du LABek ospitaleko funtzio publikorako hauteskundeetan parte hartzeko baldintza guziak betetzen dituela. Erabaki hau “garaipen” bat da sindikatu abertzalearentzat.

Argitxu Dufau sindikatuko sektore mediku-sozialeko arduradunak oroitarazi du legeak hauteskundeetara aurkezteko baldintzak ezartzen dituela. Lehen irizpidea da estatutuak hauteskundeak baino bi urte lehenago aurkeztu behar izatea, kasu honetan 2016an. “Gure estatutuak 2014an aurkeztu genituen” berretsi du Dufauk. Sindikatu batek bere independentzia eta balore errepublikanoak bermatu behar dituen bigarren irizpidea ere betetzen dela ebatzi du auzitegiak. “Hau ere ez da zalantzan ezarri”, argitu du.

Sindikatuaren ustez, erabaki honek LAB indartzen du, bai bere lekua duela adierazteko mementoan, bai bere lanaren zilegitasuna aitortzen duelako. “Ipar Euskal Herrian gero eta hedapen handiagoa dugu. Arlo pribatuko enpresetan ordezkatuagoak gaude eta gure delegatuak lan baldintzak hobetzeko lanean ari dira. Gaur, sektore berri batean sartzera goaz”, nabarmendu du Dufauk.

Alabaina, sindikatuak hauteskundeetan parte hartzeko beti auzitegietara jo behar izatea deitoratu du. Orain Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroaren errefusa izan bada, oroitu behar da 2016an CGTk eskatu zuela enpresa ttipietako hauteskundeetarako LABen zerrendak baliogabe uztea. Orduan ere sindikatu abertzaleari eman zitzaion arrazoia.

“Sobera denbora galtzen dugu, hauteskunde hauek antolatzeak lana galdegiten baitu, ibilbide luzeko sindikatuen aitzinean gara eta ez da erraza. Gure hautagaitza juridikoki aztertzen denbora ainitz pasa behar izaten dugu. Gainera, prozedura juridiko hauek galera ekonomiko bat ere ekartzen dute”, azaldu du.

Prozedura juridikoa abian izan den bitartean, LABek kanpainarekin segitu du. Orain, bere eskaintza indartzeko, ondoko asteetan bilkura berriak eginen ditu osasun zentroetan.