Kazeta

Ehun musikari zuzenean Baionako Laugan

Azaroaren 24an, Baionako Lauga kiroldegian Euskal Irratiek eta Musika Bulegoak antolaturik, mugaz gaindiko “Esker 1000” egitasmoa ezagutzera emanen da. Gaualdian ehun musikariren partaidetza iragarri dute.

Esne Beltza taldeko Xabier Solano izanen da besteren artean Laugako taularen gainean. © Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS
Esne Beltza taldeko Xabier Solano izanen da besteren artean Laugako taularen gainean. © Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS

Niko Etxart kantari xiberotarraren “Euskal Rock n´Roll”, euskarazko lehen rock kantu gisa ezagutua, mila musikarik elkarrekin kantatzea da “Esker 1000” egitasmoaren 2019ko desafioa. Jadaneko 300 musikarik bat egin dute proiektuarekin eta horietariko ehun Baionako Lauga kiroldegiko taulara igoko dira heldu den azaroaren 24an. Arratseko 21.00etan emanen zaio hastapena musika emanaldiari.

Parte hartuko dutenen artean Niko Etxart bera, Xabier Solano (Esne Beltza), Alex Sardui (Gatibu), Watson eta Lopetegi (Akelarre), Xabi Camarero (Urtz), Iker Lauroba (Lauroba) eta Iholdi Beristain (Go!azen) daude. Euskal Irratiek eta Musika Bulegoak antolaturiko gaualdiaren sartzeak hamar euroko balio izanen du aitzinetik eta bertan erosiz gero, hamabikoa.