Kazeta

Mugaz gaindiko kultur topaleku bihurtuko da Iruñea

Azaroaren 21, 22 eta 23an 948 Merkatua Nafarroako Arteen merkatuaren bigarren edizioa ospatuko da Iruñean. Baluarte Biltzar Jauregia izanen da profesionalen eta diziplinen arteko topaleku nagusia, egun oroz goizeko 09:00etatik 15:00etara. Bestetik, arratsaldero publiko ororentzat emanaldi artistikoak izanen dira hiriko gune ezberdinetan.

Azaroaren 21etik 23ra aurtengo 948 Merkatua. ©Foku
Azaroaren 21etik 23ra aurtengo 948 Merkatua. ©Foku

Bigarren urtez jarraian eginen da sormen eta kultura industrietako profesionalak elkartzeko 948 Merkatua, Iruñean. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak bultzaturik, Nafarroako arteen merkatu estrategiko profesionalaren aurtengo edizioa azaroaren 21, 22 eta 23an iraganen da. Hitzordu nagusia Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan emana bada ere, hiriko beste hamalau gunek ere hainbat aktibitate hartuko dituzte, hauek publiko guziarentzat zabalik.

Antolatzaileen erranetan 948 Merkatua “trukerako eta lankidetzarako esparru bat da, sormenezko egitasmoen eta proiektu artistikoen garapen komertzialerako gune bat, baita prestakuntzarako eremu bat ere”. Bere baitan biltzen ditu profesionalentzako jarduerak, arte plastiko eta bisualak, arte eszenikoak, musika, zinema eta telebista, diseinua eta kultura nahiz sormenerako beste industria batzuk ere.

Batez ere Nafarroarekin muga egiten duten lurraldeei begirakoa da azoka hau, baina antolatzaileek azpimarra egin dute Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko hiru lurralde eremuen arteko mugaz gaindiko lankidetza sakontzeko beharrean. Besteren artean, topaketaren laguntzaile gisa ere ageri dira Euskal Elkargoa, Baionako Hiria eta Euskal Kultur Erakundea.

Izen ematea eta aktibitateak

Prestaturiko egitarauan, profesionalentzako 80tik goiti proposamen topatzen ahalko dira Baluarten. Izena emateko profesional interesatuak 948 Merkatuaren web atarian akredita daitezke. Gisa berean, aplikazio bat sortu dute, azokara joanen diren beste profesionalak ezagutu eta haien arteko hitzorduak ezarri ahal izateko.

Aktibitateen artean tailerrak, hitzaldiak, debateak, arte proiektuen aurkezpenak eta erakunde arteko bilkurak iragarri dituzte. Eginen diren lau tailerrak adituek emanen dituzte eta ikaskuntza eta egungo gaietan parte hartzea izanen dira helburuak. Debateei dagokienez, “jabetza intelektualarekin bueltaka” izenburuduna nabarmentzen da inaugurazio egunekoarekin batera.

Hitzaldiak berriz berrogeitik goiti izanen dira, ordu erdia iraunen duelarik bakoitzak. Baluarteko gela ezberdinetan jorratuko dituzten askotariko gaien artean, kultur-industriak, genero ikuspegia, jabetza intelektuala, nazioartekotzea, diseinua edota profesionalizazio sektorialaren gisakoak daude. Gela guzietan itzulpen zerbitzua segurtatuko dute.

Azkenik, aurkeztuko diren proiektu artistikoak 32 izanen dira, arte diziplina nahiz lurralde ezberdinetakoak, baita Ipar Euskal Herrikoak ere.

Profesionalei begirako egitarau eta ekitaldietatik landa, publiko guziarentzat ere 72 arte emanaldi prestatu dituzte. Zinea eta telebista, musika, arte eszenikoak, arte plastiko edo bisualak, horiek guztiak erakutsiko dira arratsaldero hiriko gune eta areto ezberdinetan. Egitarau osoa www.948merkatua.com atarian ikusten ahal da.