Egoitz URRUTIKOETXEA

Turistifikazio politikaz

IRITZIA- Gaur egungo turismoaren eskaintzari buruz idatzi du Egoitz Urrutikoetxeak. Bere aburuz, bestelako eredu bati lehentasuna eman beharko lukete.

Egoitz Urrutikoetxea
Egoitz Urrutikoetxea

Urteak dira, Turistifikazio politiken lanjerrak Ipar Euskal Herrian eztabaidagai ditugula. Hirurogoi hamarkada ondarrean frantses Gobernuak Akitaniako itsas bazterrean turismoaren eskaintza garatzeko MIACA delakoa abiatu zuenetik ur ainitz iragan da zubi azpitik. Hastapenean guti batzuk ziren oldartu euskal kostaldea itxuraldatuko zuen xedearen kontra. Hautetsi eta notable guziak turistifikazioaren defendatzaile sutsuak ziren, lan eta aberastasun ekarle izanen zelakoan.

Garai hartako hautuen ondorioak gaur begien bistan ageri zaizkigu. Uztailetik agorrilera euskal kostaldea arrunt saturatua da. Biztanleen kopurua hirukoizten da uda betean. Larriagoa dena, azpiegiturek oro gainezka egiten dute, izan bideak edo ur zikinen tratamendurako zentroek. Lanari dagokionez, ezin erran duintasunez bizitzeko lanaren ekarle izan denik, oroz bat sasoineko lan prekarioa baita turismoak eragiten duena. Eta azkenik, etxebizitzaren burbuila espekulatiboak urte osoan bertan bizi nahi duten herritarrak egunetik egunera euskal kostaldetik gero eta urrunago igortzen ditu.

Ez dirudi arduradun politikoek turistifikazio politiken lerratzeez ondorio guziak atera dituztenik. Lehengo lepotik dute burua! Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak akuilaturik, hogoita hamasei milioi euro ezarri nahi dituzte orai Larrun mendi kaskoaren berrantolatzeko.

Turistifikazio politikak totem bat izaten jarraitzen du gurean. Batzuentzat aberastasun ekarle denak, lekuko bizi molde eta ekonomiaren desegituraketa mailakatua eragiten jarraitzen du. Akulturazioaz mintza gaitezke, hitz gordinagoa erabiliz.

Turismoak bere horretan ez du ahalbidetzen urte guziko bizibidea. Afera ez da turismoari bizkarra ematea, baizik eta bestelako turismo eskaintza bat lehenestea.

Herri honen aberastasunak (naturalak nahiz kulturalak) parke eta museoetan hertsatu ordez, iraganeko ondare bailiran, indarrak eta baliabide ekonomikoak Euskal Herria egunerokoan biziarazten ezar ditzagun. Gure eremuak zaindu eta babestuz, eta beharrez bisitarien kopuruak mugatuz. Gisa horretan, turistek oraindik bizi den herri bat ezagutzeko manera izanen dute.