Heldu den azaroaren 7tik 17ra bi erakusketa izanen dira ikusgai Donapaleun kokaturik den Amikuzeko mediatekan. Lehen mundu gerlaren ehungarren urteurrena dela eta, gerla horrek Amikuzen utzitako aztarna ezagutu ahalko da. 17an berean, Maider Bedaxagarrek mintzaldia eskainiko du euskaraz, goizeko 10.30ean. Bedaxagarrek Berlingo Etnologia museoan lau soldadu presoren bizia ikertu zuen eta horien artean euskarazko audio artxiboak atzeman zituen, tartean 1915eko kantuak.
Erakusketei dagokienez, euskaraz “Pirinio behereak lehen mundu gerlan” izenekoa erakutsiko da, panelen bidez. Departamenduko artxiboetatik aterea, orotara, gerlak iraun zituen lau urteetan 10.000 euskaldun eta biarnotar hil zituzten eta abantzu 50.000 zauritu eragin. “Jendearen gogoetan trauma sakona utzi zuen”, dio egitasmoa ezagutarazteko igorritako oharrak.
“100 urteko memoria, 14-18 Amikuzen” erakusketa berriz, Bruno Gorre, Jean- Pierre Lafaurie eta Amikuzeko Genealogia elkarteak egina da, frantsesez. Egileek soldadu gisa joan behar izan zuten amikuztarren bilaketak egin zituzten. Haien objektu pertsonal, gutun, argazki edota garaiko Donapaleuko kazetaren estraktuek osatzen dute erakusketa.