Kazeta

Zigor urteen kondaketaren kontra agertu da Estrasburgo

Estatu espainiarrak euskal presoek Estatu frantsesean betetako zigor urteak ez kontuan hartu izana ontzat jo du Giza Eskubideen Europako auzitegiak. Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek harriduraz jaso dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak jakinarazitako epaia. Erabakiari aurre egiteko bi bide mahaigaineratu dituzte: legearen erreforma edo Luxenburgoko auzitegira jotzea.

Giza Eskubideen Europako auzitegiko epaileak irudiak.
Giza Eskubideen Europako auzitegiko epaileak irudiak.

Giza Eskubideen Europako auzitegiak Alberto Plazaola, Santiago Arrozpide eta Francisco Mujikak aurkeztutako helegiteari buruzko epaia argitaratu du urriaren 23an. Defentsak erabilitako hiru argumentuetatik bakarra ontzat eman du justiziak.

Hots, Estrasburgoko epaileek diotenez, hiru euskal presoei ez zitzaien bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea bermatu. Hori dela eta, Estatu espainiarrak 2.000 euro bideratu beharko dizkio Santiago Arrozpideri eta 1.000 euro Alberto Plazaola eta Francisco Mujikari. 

Haatik, askatasunerako eskubideari eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubideak ez zirela urratu kontsideratu du.

Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari buruzko irakurketa plazaratu dute Donostian. Epaia bestelakoa izanen zela uste zuten abokatuek. Erabakiari aurre egiteko bi bide aurkeztu dituzte prentsaren aitzinean. 


Alde batetik, Gobernu espainiarri "legea desberdin ezartzeko" eskatu diote. Oroitarazi behar da, Estrasburgoko epaiak Estatu espainiarrak onartutako 7/2014 legeari erreferentzia egin diola. Lege horren arabera, Europako beste estatu batean betetako zigor urteak ez zaizkie batuko 2010 baino lehenagoko kondenatuei. Nabarmentzekoa dena da Estatu frantseseko kondena gehienak 2010a baino lehenago agindu zirela. Iker Urbinak salatu duenez, "lege horrek asmo politikoa" du. Gisa berean, kongresuko talde politikoei ere engaiatzeko deia luzatu diete. 



Abokatuek Estrasburgoko Areto Nagusira jotzeko parada dutela azaldu dute. Erabaki bat hartu baino lehen epaia ongi aztertuko dutela erran dute. Deitoratu dutenez, gaurko erabakia "Europako araudiaren urraketaren" seinale da. 

Halaber, Luxenburgoko Justizia Auzitegira ere jo dezaketela aipatu du Urbinak. Haatik, presoen abokatuek ezin dute bertara jo, instantzia judizialei dagokie, hain zuzen. 


Giza eskubideen urraketa


Sare Herritarrak "arduraz" hartu du Estrasburgok zigor batuketaren inguruan hartutako epaia. Ebazpena "aldekoa" dela ulertzen du Sarek, «baina honen irakurketari dagokionean ez da esperotakoa izan». Izan ere, "giza eskubideak urratzea bermatzen duela" ulertzen du Sarek.

"Estatu batean zein bestean oinarri berdinaren baitan betetako zigorrak kontuan hartzeari uko egiten dio, ondorioz, euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak, prozedura judiziala okerra izan dela onartu arren", adierazi dute ohar baten bidez.

Bagoaz: "Estrasburgok espainiar Estatuak dituen legedi maltzurrak babesten ditu"

Bagoazek, ohar batean, epai honek "haserrea baino ez duela sortzen" adierazi du. "Giza eskubideen urraketa bat delako sufrimendua baizik sortzen duelako euskal gizartea eta presoen ingurumenari eta bake prozesuaren oztopo bat delako".

Era berean, espainiar Estatuak «bake prozesuaren aldeko urrats baikorrak egin ditzan» eskatu dute, "badela garaia", gaineratuz. "Bere legedia aldatu behar du, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen», adierazi dute. Zentzu horretan, "mendekutik urrundu eta elkarbizitzaren aldeko bidea hartu behar duela" azpimarratu dute.