Kazeta

Nazioarteko Lehen Koru Festibala ospatuko da Baionan

Baionako Hiriak eta Ezin Aseak elkarteak Nazioarteko I. Koru Festibala antolatu dute heldu den azaroaren 2, 3 eta 4ean. Japonia, Filipinak eta Amerikako Estatu Batuetako hiru korurekin batera, Euskal Herriko hamabost talderen kontzertuez ere gozatzeko parada izanen da.

Hamabost euskal koruk parte hartuko dute ekimenean.
Hamabost euskal koruk parte hartuko dute ekimenean.

Korua eta oroz gain kantua maite dutenentzat eskaintza zabala prestatu dute Lapurdiko hiriburuan. Baionako Hiriak eta Ezin Aseak elkartearen eskutik, azaroaren 2tik 4ra nazioarte mailako koru festibala iraganen da. Lehen edizio honetan nazioarteko hiru koruk parte hartuko dute, guziak Baionako antzokian ikusi ahalko direlarik.

Egitarauari azaroaren 2an emanen zaio hastapena, arratseko 20.30ean Kinokai Youth Choir Kanamai koru japoniarraren eskutik. Hiroki Fuijiren zuzendaritzapean, 30 urtez behitiko kantariak biltzen dira koruan. Kinokai izeneko mugimendua hamabi koruk osatzen dute eta beste hainbeste aldiz irabazi izan dute Japoniako koru kanta lehiaketa.

Biharamunean, larunbatarekin, ordu berean Ateneo Chambers Singers de Manila filipinarren txanda izanen da. 2001ean sortua eta Jonathan Velascok zuzendua, hainbat sari irabazi izan du koru honek: Letoniako Rigan eta Valentziako Torreviejan ez ezik, Tolosako abesbatzen lehiaketako sari nagusia irabazi zuen 2006an.  

Azaroaren 4an berriz, arratsaldeko 17.00etatik goiti, Amerikako Estatu Batuetako Salt Lake Vocal Artists koru mistoa ikusi eta entzun ahalko da, Brady Allred zuzendaritzapean. Sari ainitz irabazi izan dituzte, errate baterako, Tolosako abesbatzen lehiaketa lautan eta Italiako Arezzokoa bostetan.

Sartzeei dagokienez, hiru kontzertuak ikusteko abonamenduak 24 euro balioko ditu eta kontzertu bakoitzak 12. Sartzeak aitzinetik Baionako turismo bulegoan eta www.bayonne.fr atarian eskuratzen ahalko dira.

Euskal Herriko koru andana ikusgai

Koru kantaren praktika sustatzea xedetzat harturik, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Herriko Abesbatzen Federazioa eta Euskal Herriko Boz eta Abesbatza Zuzendaritzaren Akademiaren laguntzarekin, hamabost euskal koruk ere haien trebetasuna aurkezteko aukera ukanen dute. Azaroaren 4an, larunbatarekin, goizeko 10.30tatik goiti Baionako bost ondare nagusitan, sartzeak urririk direlarik.

Katedralaren kalostran Irusiko, Izar-itza eta Bestela iraganen dira; San Andres elizan berriz, Pottoroak, De Colores eta Enara; San Ezpirituko elizan Errobi Kanta, Lauhaizetara eta Medikoak taldeek kantatuko dute; Eliza protestantean Aizkoa, Go Swing eta Kantarimak; eta Baionako antzokian Buhaminak, Xaramela eta Haiz Egoak. Borobiltzeko, 13.00etan 400 koristek elkarrekin kantatuko dute Baionako katedralean.