Kazeta

“Neskatoak” dokumentalaren proiekzioa, Biarritzen

40ko hamarkadatik aitzina, Baztan-Bidasoako emazte gazte ainitzek etxea utzi eta nagusiki Ipar Euskal Herrira joan behar izan zuten etxe eta hoteletan lan egitera. Jon Abril beratarrak lekukotasunak bildu eta “Neskatoak” filma egin zuen. Urriaren 25ean ikusgai izanen da Biarritzeko mediatekan.

“Neskatoak” dokumentalaren irudia.
“Neskatoak” dokumentalaren irudia.

Urriaren 25ean, arratsaldeko 6etatik goiti Biarritzeko mediatekan proiektatuko da “Neskatoak” izeneko dokumentala. Sartzea urririk dela, euskaraz eta azpititulurik gabe emanen duten filma Jon Abril (Bera, 1975) kazetari eta kultur adituak zuzendua da.

Egileak bere amatxi Mikaelaren oroitzapenetatik abiatuz hasi zuen inkesta. Bere gisan dena utzi eta mendiz etorkizun baten xerka joan ziren emazteen lekukotasunak biltzeari ekin zion. Izan ere, ehunka izan ziren frankismoaren urterik gogorrenetan Baztan- Bidasoa utzi eta lanera joandako emazteak. Mugarekiko hurbiltasunak bereziki eragin zuen Nafarroako eskualde hartan.

Emazte hauek batez ere Ipar Euskal Herria joan behar izan zuten, baina baita Estatu frantsesera ere, neskame edo neskato lanetan aritzera. Nerabe edo gazte, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joaten ziren, kukuturik. Hoteletan eta jatetxeetan ez ezik, etxe partikularretan ere egiten zuten lan, Abrilen amatxiren gisan. Usu 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik, lan baimenik eta frantsesik ere jakin gabe.

Filmaren web atarian bizimodu biziki gogorra ukan zutela azaldu du Jon Abrilek. “Egungo migrazio prozesuetan bezala, emazteek paper hagitz aktiboa uka zuten orduko gizartean, gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten”, gaineratu du.