Idoia ERASO

Izturitze eta Otsozelaiako harpeen aberastasuna agerian

Azken hogei urteetan Izturitze eta Otsozelaiako harpeetan egin den ikerketen emaitza aurkeztuko dute asteburu honetan Donapaleun antolatutako jardunaldian. Hitzordua Euskal Herriko paleolito garaiko aztarnategi garrantzitsuenaren ondarea ezagutzeko parada izanen da.

1.200 pieza baino gehiago aurkitu dira Izturitze eta Otsozelaiako harpeetan. ©Gaizka Iroz
1.200 pieza baino gehiago aurkitu dira Izturitze eta Otsozelaiako harpeetan. ©Gaizka Iroz

Nafarroa Beherean dauden Izturitze eta Otsozelaiako leizeak, Europan eta mundu mailan paleolito garaiko erreferente izanik ere, ez dira euskaldunen artean arras ezagunak. Euskal Herrian historian zehar gehien erabili den gunea izanik ere, Ekaineko leizeak baino askoz gutxiago ezagutzen dira, Garako artikuluak dioenez. Milioika objektu eta hamarnaka horma-arte badituzte ere, Santimamiñe baino oihartzun txikiagoa dute. «Neanderthaletatik aurrera historiaurrea liburu bat bada, Izturitzen kapitulu osoak daude, eta, Altxerrin, Ekainen eta Santimamiñen, orrialde batzuk», Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko Historiaurreko doktorearen arabera.

Bisitariek Izturitze eta Otsozelaiako kobazuloak soilik ezagutu ahal izanen badituzte ere, hirugarren leize bat ere bada inguru berean. Hirurak Gaztelu mendixkaren barnean aurkitzen dira. Lehen mailan Izturitze dago, duela bederen 80.000 urtetik okupatuta dagoena, eta, ikerlari batzuen arabera, agian 200.000 urtetik ere. Ordutik, eta erromatarren garaira arte, neanderthalen eta Homo sapiens-en bizitoki izan zen. Estratigrafia aldetik aztarnategi izugarri erraldoia da, objektu andana aurkitu dira bertan, eta zaila da oraindik ere deskubritzeke dagoena kalkulatzea. Aztarnategiaren garrantziaren erakusgarri, bertan atzemandako hainbat tresna “Izturitze tipokoak” bezala definitzen dira, kopuru oso handitan aurkitu baitira Baxe Nafarroako leizean. Arte mugigarriari dagokionez, esaterako, 1.200 pieza baino gehiago aurkitu dira bertan, Kantauriko gainontzeko aztarnategi guztietan elkarrekin baino gehiago. Horien artean, bale, elur-orein edo hartz hezurrez eginiko makilak daude, baita harriz eginiko hartz irribarretsu baten eskultura txikia ere, besteak beste. Aurkikuntzok denboran zehar eginak izan dira, eta domaia da Parisen dela pieza horien gehiengoa. Horrez gain, hainbat margo eta behe-erliebe ere badira bertan, eta azken urteotako ikerketak bereziki horren inguruan egin dira.

Izturitzeko harpearen azpian Otsozelaiakoa dago, non Madeleine aldiko horma-artea ikus daitekeen, Altxerri edo Ekainen bezala. «Santimamiñeren pare dago», Garate doktorearen hitzetan. Zaldiak, oreinak eta bisonteak agertzen dira, eta formatuak ezberdinak dira, grabatuak edota gorriz eta beltzez eginiko margoak besteak beste.

Azkenik, behereko partean, Erberua dago, mendixka alde batetik bestera iragaten duen errekaren bidean kokatzen dena. Duela 30 urte espeleologo batzuk bertan izan ziren, eta atera zituzten argazkiei esker jakina da, Euskal Herriko beste kobazuloetan ez bezala, bi garai ezberdinetako margoak daudela bertan: Madeleine eta Gravettiar aldietakoak. Besteak beste, esku negatiboak, grabatuak, bisonte edo artzen irudiak... ikus daitezke. «Potentziala izugarria da, seguruenik Euskal Herriko harpe apaindu garrantzitsuena da».

Hiru haitzuloetan erromatarren garaira arte bizi izan zen jendea, eta, hortik goiti, gizakiak lurraren erraietatik kanpo bizi zirenean ere, leku geografikoak bizigune izaten segitu zuen. Horren erakusle, muinoari izena ematen dion Nafarroako Erresumako gaztelu baten aztarnak gelditzen dira bertan, eta horiek ere kontserbatzeko desmartxak abian dira. Azken hamar urteotan harpeetan egin diren ikerketen kudeatzailea izan den Diego Garate doktoreak, larunbateko jardunaldian egingo duen aurkezpenaren izenean bertan nabarmen geratzen da berezitasun hori: “Mendixka magikoa: Izturitze eta Otsozelaiako horma-artea eta bere inguru artistiko berria”.

Garatek kokaguneak ikuspegi geografiko zabalago batetik begiratuta duen garrantzia azpimarratuko du larunbateko jardunaldian. Homo sapiens-ak Europan izandako lehen guneak dira Kantauriko itsasbazterra, Pirinioak eta Dordoña, eta hirurek osatutako hirukiaren erdigunean kokatzen da gunea, hau da, toki estrategikoan. Hori dela eta, historiaurreko ikuspegitik, Izturitze metropoli baten erdigune gisa defini daiteke. Errenterian dagoen Haitzbitarte edo Urdazurin kokatzen den Alkerdi, esaterako, Izturitzen sateliteak kontsideratzen dira; biztanleak ere bazituzten, baina kopuru txikiagoan. «Lotura gune bat bezala funtzionatu zuen, eta harremanak nolakoak ziren ulertzen lagundu digu», nabarmentzen du Garatek.

Ikuspegi horrek oinarri ezberdinak ditu, besteak beste, perlen sorkuntza. Zintzilik eraman eta jantziei dekorazio gisa josteko perlen sorgune zen Baxe Nafarroako harpea, milaka direlarik aurkitu diren mota horretako objektuak. Perlok zer materialekin eginda dauden kontuan izanda, berauek egin zituztenak leku batetik bestera mugitzen zirela jakin daiteke. Izan ere, Ebrotik behera hartutako anbarrarekin zein Pirinioetatik ekarritako talkoarekin egindako perlak aurkitu dituzte.

Aztarnategi gisa, lan gehienak 2000ko hamarkadan egin ziren, Christian Normanden gidaritzapean. Azken zortzi urteotan, berriz, Garatek kudeatu ditu lanak, bereziki hormetako artearen azterketan kontzentratuz. «Hormetako irudiak aztertzeko teknologia berriak erabili ditugu; behe-erliebeak, grabatuak eta margoak aztertu ditugu. Kobazuloen 3D modeloak ere egin ditugu». Bestalde, hezur eta harri tresnak aurkitu dituzte leizeko zulotxoetan sartuta. 240 inguru aurkitu dituzte, eta Pirinioetan den Gargasen eta Izturitzen soilik atzeman dituzte hainbeste. «Oso interesgarria da, ez dugulako ulertzen zer adierazten duen horrek».

Mintzaldiak

Estatu espainiarrarekin alderatuta Estatu frantsesean kokatzen diren monumentu prehistorikoen berezitasun nagusia jabetzari dagokio. Pirinioen iparraldean jabe pribatuen eskuetan gelditzen dira, monumentu historiko izendatuta izanik ere. Horrek ikerketetarako lana konplikatzen du, jabearen eta Eskualdeko Arkeologia Zerbitzuaren baimena behar izaten baita edozein motako azterketa, indusketa edo ikerketa egiteko. Bada, larunbateko jardunaldiaren irekiera jabe pribatuaren eta arkeologoen eskutik eginen da. Horrela, 09:30ean, Joelle Darricau jabea eta Eskualde Zerbitzuko ordezkari batek eginen diete harrera hizlari zein entzuleei.

XX. mendearen hasieran hasi ziren ikerketak Izturitzeko leizean, eta garaiko muga teknikoek bertako aberastasunari kalte handia eragin zioten. Bereziki mendeko lehen hamarkadetan ia urtero egin ziren indusketak, kalte handia eraginez bertako aztarnetan. Horren berri Chritian Normandek emanen du. Okzitaniako Tolosako Jean Jaures Unibertsitateko eta Eusko Arkeologia elkarteko kideak, “Ikerketa prehistorikoak Izturitzen: oso historia luzea” hitzaldia eskainiko du. Geroago, Normandek 1999 eta 2010 artean Aurignac kultura garaiko ehiztari-biltzaileen inguruan egin ikerketak aurkeztuko ditu. Ehiztariek Paleolitoan itsas-bazterra nola okupatu zuten ere agertuko du Jean-Marc Petillon Okzitaniako Tolosako Traces laborategiko ikerlariak.

Leizezuloko altxor handienetakoa diren arte mugigarriko piezen egoera Goi Paleolitoan, Olivia Rivero Vila Salamancako Unibertsitateko doktoreak azalduko du. Kiropteroen eta haragijaleen presentziaren inguruan mintzatuko dira, hurrenez hurren, Jean Jaures eta Paris 1eko Nathalie Vanara ikerlaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Aritza Villaluenga.

Paleolitikotik neolitikorako saltoa ere eginen da jardunaldian zehar, Patrice Dumontier arkeologoaren eskutik. Bizitoki izatetik “hilerri” izaterako bidea egin zuten haitzuloek garai “berrian”, denbora horretako biztanleek gorpuak lurperatzeko baliatu baitzuten.

Ezaugarri akustikoak

Leizeotan aurkitutako milaka elementu artistiko eta dekoratiboekin batera, munduko bigarren txirula zaharrena ere aurkitu zuten Izturitzen, musika eta historiaurrea elkartuz. Urteetako bisiten eta emanaldien ondoren, eta harpearen bibrazioak kontuan izanik, soinu mailan dituen berezitasunak ere aztertu izan dira. Parisko Unibertsitateko irakasle emeritua den Iegor Reznikoffek harpeen “soinu dimentsioari” buruz egin dituen ikerketen ondorioak aurkeztuko ditu.

Milaka urteetan guneak izan duen sormen izaerarekin bat eginez, erregularki ikuskizunak eta bestelako emanaldi artistikoak antolatzen dira bertan. Jardunaldiekin bat eginez ere hainbat hitzordu izanen dira. Ostiralean 18:30etan eta larunbatean 20:00etan, mintzaldien ondoren, Oiseai Tonnerre konpainiak egindako “Gouttes de pierres” (Harri tantak) sorkuntza ikusgai izanen da. Bi harpeetan zehar iraganen den ikuskizun ibiltariak poesia, musika eta dantza elkartuko ditu.

Igandeak ere zer deskubritu eskainiko du. 14:00etatik 17:00etara Eskualdeko Arkeologia Zerbitzuko Indusketen biltegia bisitatzeko aukera izanen da Christian Normanden eskutik. Tartean harpeak ezagutzeko parada ere izanen da. Eguneko azken itzulia, berriz, musikak lagunduta eginen da, Pierre Esteve musikologoak sortutako “Résonances” obra entzuten den bitartean eginen baita.

Bisita didaktiko, turistiko eta artistikoen artean ikerlariek lanean jarraitzen dute. «Fase baten bukaeran gaude uneotan. Izturitzen denetarik dagoenez, espezializatu egin behar da, eta talde zientifiko bat osatu beharko litzateke dagoena ikertzeko». Aztertzeko gelditzen diren gaien inguruan galdetuta, Diego Garatek gai ugari aipatu ditu: «Paleontologia aldetik potentzial handia bada, hartz mota ezberdinen inguruan. Neanderthalen presentzia teknologia berriekin aztertu beharko litzateke. Neanderthal eta Homo sapiens-ak egon ziren garaien artean gertatu zena ere aztertu beharko litzateke. Otsozelaian indusketak egin beharko lirateke, ez dugu-eta ideiarik zer dagoen bertan, non bizi ziren bertako artistak. Eta, noski, Erberoako altxorra gelditzen da ikertzeko».