Kazeta

Zigor Merodio eta Jon Rubenach Mont de Marsanera hurbildu dituzte

Zigor Merodio eta Jon Rubenach euskal preso politikoak Saint-Martin de Rétik Mont de Marsan presondegira lekualdatu dituzte. Bitartean, Estatu espainiarrean Karlos Apeztegia euskal preso ohia espetxeratu dute “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta.

Apeztegiaren aldeko manifestazioa Hernanin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Apeztegiaren aldeko manifestazioa Hernanin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Estatu frantsesak beste bi euskal preso Mont de Marsan presondegira hurbildu ditu. Zigor Merodio eta Jon Rubenach dira Saint Martin de Rétik lekualdatu dituzten presoak. Orain, presondegi hartan Jakes Esnal lohizundarra geratzen da soilik, duela hilabete Ander Mujika eta Fermin Martinez ere Landetako presondegira lekualdatuak izan ondotik.  

Aste honetako mugimenduen ondorioz, egun Mont de Marsanen hamalau euskal preso politiko daude eta Lannemezanen berriz, hamahiru. Beste hemeretzi presok Estatu frantseseko beste bederatzi presondegitan sakabanatuta jarraitzen dute, horien artean oraindik aterabiderik eman ez zaien bederatzi emazte.

Karlos Apeztegia espetxeratu dute

Bitartean, Karlos Apeztegia euskal preso ohi iruindarra behin-behinean eta fidantzarik gabe presondegian sartzeko agindu du Diego de Egea audientzia nazionaleko epaileak. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatu dio. Apeztegia 2013an aske atera zen, 22 urtez gatibu izan ondotik.

Etxerat, Sare, Lab eta Sortuk guardia zibilak urriaren16an egindako atxiloketa eta ondoko espetxeratzea salatu dituzte. “Karlos Apeztegiak gure elkartean egiten duen ekarpena azpimarratu nahi dugu, bai eta gatazkaren ondorioak gainditzeko eta bakea lortzeko egindako lana ere”, adierazi du Etxerat elkarteak. Sarek, bere aldetik “atzerapauso ulertezintzat” jo du epailearen erabakia eta igorritako oharrean erantsi du soilik bakearen alde euskal jendartean egiten ari diren urratsak trabatzeko saiakera gisa uler daitekeela.

“Presondegiak husteko garaia da, ez betetzekoa”, adierazi du Sortuk, eta PSOE alderdiari zuzendu zaio bakea eta bizikidetza behin-betiko lortzeko aukera balia dezan. Lab sindikatuak berriz, Apeztegiaren berehalako askatasuna aldarrikatu du eta Euskal Herrian bakea eta demokrazia lortzeko, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa biderkatzeko deia egin du.

Etxarri Aranatzen, Iruñeko Donibane auzoan eta Hernanin ehunka lagun bildu ziren espetxeratzea salatzeko antolaturiko mobilizazioetan.