Joseba Aurkenerena

Lapurdiko bi idazleren uzta berria

Jadanik Durangoko feria prestatzen ari dira, eta idazleak eta argitaletxeak haien uztarik ederrenak plazaratzen hasiak zaizkigu. Lapurdin ere, liburu ederrak ateratzen hasi dira, Maiatz-ekoak lekuko. Baina oraingoan Aurkenerenak ezohiko bi liburu aipatuko ditu. Lehena Xerar Urrutia urruñarrarena. Gure Lurra du izena eta bertan euskal historiaz eta nortasunaz idazten digu, amodioz eta argitasunez. Euskaraz eta frantsesez. Bigarrena Alatz Robles-Arangiz bezkoiztarrarena. Euskal izaera edo artikulua izenburukoa. Euskararen hastapenak eta garapen esoterikoa bilatzen dituen liburu eder eta magikoa.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Abendua eta Durangoko liburu azoka hurbiltzen ari zaizkigula eta, Euskal Herri osoan liburu eta disko berriak plazaratzen hasi dira. Nik oraingoan Lapurdiko bi idazlek plazaratutako liburu berriak ekarriko ditut lerro hauetara, Xerar Urrutia urruñarraren Gure Lurra eta Alatz Robles-Arangiz bezkoiztarraren Euskal izaera edo artikulua izenekoak. Horratx:

1.- Xerar Urrutiaren liburua.
    
Lapurdiko Urruña herrian, bada euskararen eta euskal kulturaren alde  etengabean aritzen den gizona: Xerar Urrutia. Gazte-gaztetik euskal nortasunari atxikia, hamaika alorretan ibili dena: Hegoak musika taldean, ikastolaren aldeko abenturan, Kuxkuxtu txarangan, Pausuko Bakalau elkartean, Urruñako Berttoli elkartean, Herritarrak herri mugimendu abertzalean, Iparra-Hegoa herri bazkunean, Euskal Herriko mus txapelketaren antolaketan, kabalkada eta karrikaldien sustapenean…  Horretaz gain, hainbat disko eta liburu plazaratu ditu.

1992an  Zu izeneko diskoa plazaratu zuen, hiru urte berantago, hau da 1995. urtean Zu-bi izenekoa, bi-biak Lapurdiko itsas-hegiko herrietan zabalkundu handia izan zutenak. 2003an Askatasun egarriz olerki-liburua plazaratu zuen Baionako Maiatz argitaletxearen bitartez, bertan kantu musikatu ainitz aurkeztuz. 2004an Urruñan jokatu zuten kabalkada-toberaren idazleetako bat izan zen, eta urte berean Urruñako Zintzarrotsa izeneko liburuan karrikaratu zuen. Aurten, hau da, 2018ko irailaren bukaeran, Gure Lurra / Notre terre izeneko liburu elebidun ederra argitaratzen ustekabeko ederra eskaini digu.

Ainitz dira gure historiaz egin diren liburuak, ainitz idatzi da euskaldunen ibilaldi luzeaz eta oraindik ainitz idatziko da askatasunerantz doan herri honi buruz. Liburu honek gure historiaren berri ematen digu, labur baina sakon, xume baina aberats, euskaldunen ekintzak eta jarduerak garbi azalduz, euskalduna eta euskara beti uztartuz, ilusioz eta itxaropenaz gertakizunak kontatuz.

Liburu hau bihotzetik idatzia da, maitasunez eta liluraz, iraganeko erroetatik abiatuz, orainaldiko korapiloetatik pasatuz eta etorkizuneko askatasun xedeak ongi agertuz. Pasioz sortua da, Ama-lurra maite duen semearen pasioaz.

Narrazio moduan egina badago ere, erran behar dut liburu hau kantu bat dela, euskalduntasunari eta askatasunari eskainitako kantu eder, sentikor eta ozena. Sentimenduak liburuaren ildotik barna bidaiatzen dira eta nonahi loratzen direla erran daiteke. Bai, egilearen sentimenduak, nahikariak eta gogoetak lerroz lerro, paragrafoz paragrafo, orriz orri, edozein txokotan, edozein bazterretan, atzeman daitezke.

Euskal Herria, euskararen herria, da liburuaren ardatz eta gai nagusia, aurre-historian hasita eta gure gaurko egunetaraino. Ez da beste protagonistarik gure herria baino. Herria, nazioa, garenez, denetik ezagutu eta jasan dugu gure historiaren ilun-argietan: inbasioak eta tragediak, gerlak eta odol-husteak, migrazioak eta ihesak…  eta horiek denak jorratu ditu egileak, zaurietan gatzik bota gabe, herra eta gorrotoetan sartu gabe…

Umiltasunez, apaltasunez eta umorez idatziriko liburua dugu honako hau, euskaldunei eta baita erdaldunei ere  --frantsesez idatzitako bertsioan-- gure historiari buruzko oinarrizko ezagutza bat adierazi nahi diena.

Egileak ipuin moduan aurkezten digu, aitatxi-amatxiek semetxi-alabatxiei kontatzen dizkieten ipuinen antzera. Horixe izan da luzaz, euskaldunok erabili izan dugun transmisio bideetako bat, eta bide horretatik barna abiatu zaigu Xerar Urrutia urruñarra, hau da, egilea, liburuaren nondik norakoak irakurleengana helarazteko.

Liburu hau erraz irakurtzen da eta agerian den mezua erraz ezagutzen eta atzematen da. Euskal Herria izan da, da eta izanen da euskaraz, biak txanpon beraren bi aldeak baitira. Euskara galtzen badugu, Euskal Herria ere galduko da, ezin baitira, inolaz ere, banatu.

Xerar laguna baikortasunez mintzo zaigu. Bihar euskara eta Euskal herria loratuko dira, kimu berriek eramanen dute Herri hau askatasunerantz. Horren aldeko kontzientzia piztu eta zabaldu nahi du eta liburuaren bukaeran egiten duen gogoetan argi eta garbi aditzera ematen digu.

Xerar ezaguna dugu Urruñan, adiskide ona, langile handia, kirolari gartsua, ekintzaile suharra, antolatzaile aparta, kantari fina, kantu eta olerki-egile oparoa, euskaltzale amorratua, abertzale zintzoa, humanista porrokatua…, hau da, gizon oso-osoa. Non da euskal nortasuna, hor da Xerar Urrutia!

Ziur naiz, hau ez dela urruñar naroak eskainiko digun azken lana, mugitzen den harriari ez baitzaio goroldiorik atxikitzen, eta Xerar ez da geldirik egoten den horietakoa. Bihar edo etzi, hau bezalako beste oparitxo eder eta sentikor batekin etorriko zaigulakoan nago. Orduan ere, plazer handiz jasoko eta gozatuko dugu.  Biba hi, Xerar! Eta biba euskara!

2.- Alatz Robles-Arangizen liburua.-

Lapurdiko Beskoitze herrian, garai bateko Joanes Leizarragaren Beraskoitze zaharrean, Leku-ederria izeneko etxaldean euskal kulturari arras atxikia den familia bizi da, Robles-Arangiz sendiaz ari naiz. Aita, Manu Bobles-Arangiz, ELA-ko lehendakaria izan zen luzaz, frankismoaren aurkako erresistentzian aritua. Estitxu alaba kantari fin eta aparta, Balbek mundu honetatik gazte eraman zuena, Soroak euskal musika talde gogoangarria familia honen habiatik sortu zen, Ugutz kantari eta txiste kontalaria, Irkus margolaria, Nahia abeslaria…  Denak sendi honen adarretatik sorturiko artistak ditugu.

Alatz dugu horietako beste kimu bat, irakurketari eta gogoetari biziki emana izan dena. Euskal nortasuna, euskararen jatorria, gizateriaren sortzea, pentsamendu ahantziak…. dira maite dituen gaiak. Eta ildo horietatik jarraituz jadanik bi liburu plazaratu ditu. Lehena Euskara edo sugearen zibilizazioa, 2009an argitara eman zuena Utrisque Vasconiae  argitaletxearen bitartez.  Liburu honetan euskararen sortzea Paleolitoko aro zahar ilunetan kokatu zuen, garai bateko balizko mundu magikoarekin uztartuz. Eraikin ziklopeoak, alfabeto hieratiko zaharra, kreazioa, kataklismoak, euskaldunen atlantiar jatorria, antzinateko ikur izpiritualak, euskal dibinitateak, kontzientziaren hastapenak, hilarriak, oboa, argia, gizateriaren lehen urratsak… dira liburu honetan Alatzek jorratu zituen gaietako batzuk.

Aurten, hau da, 2018an, bigarren liburu bat plazaratu du Amalur-baita argitalpenen bitartez: Euskal izaera edo artikulua. Bigarren liburu honetan lehen liburuarekin ezarritako ildo beretik datorkigu. Hauek dira bertan aztertu dituen gaitetako batzuk: euskal artikulua, euskal izaera zaharra, historiaurreko urratsak, alfabeto hieratikoaren barne ezaugarriak, unibertsoaren ilauna eta hilkortasuna, euskal filiazioa, unibertsoaren kreazioa… eta abar.

Esoterismoa ez da euskaraz maiz lantzen den alorra, ez dira liburu ainitz gai honetaz idatzi. Herria gara eta herri librea nahi dugu izan, euskara eta euskal kultura gure gizartearen ardatzak direla aldarrikatzen dugu…  eta horretarako era guztietako liburu, disko eta sorkuntzak behar ditugu. Erlijio liburuak behar ditugu, baina baita liburu lizunak ere; zientzi liburuak behar ditugu, baina baita izpiritual arloaz edota mundu esoterikoaz mintzo diren liburuak er. Eta hemen, bigarren hautu honetan, kokatzen ahal ditugu Alatz Robles-Arangizen aipatu bi liburu horiek.

Adorez eta ausardiaz eginiko liburuak dira, guretzat ohikoak ez diren planteamenduak plazaratzen dituztenak, gogoeta eta jakin-mina pizten dituztenak. Eta ez da gutti, gaurko zibilizazio karratu, kamuts eta antzu honetan. Alatzek leiho berriak zabaltzen dizkigu, horretan maisu baita.
Beraz, eguneroko monotonia aspergarrian, gizarte itxi eta gormutu honetan, pausa egin nahi duenarentzat, Alatzenak biziki liburu egokiak direla erranen nuke nik. Horrelako gehiagoren beharra dugulakoan nauzue ni, bederen.