Kazeta

Alimaleko dirutza Biarritzeko Hôtel du Palais proiekturako

Astelehen honetan, urriaren 15ean, gai bakar eta beroa izanen dute aztergai Biarritzeko Herriko Etxean: Hôtel du Palais hotelaren lanen finantziazio eta kudeaketa. Auzapezaren hastapeneko proiektua 65 milioi eurokoa bazen, Mediabask kazetak eskuraturiko txosten konfidentzial baten arabera, azken buruan 85,6 milioi eurokoa izanen da.

Biarritzeko Hôtel du Palais iruditan. © Aurore LUCAS
Biarritzeko Hôtel du Palais iruditan. © Aurore LUCAS

Michel Venauc Biarritzeko auzapezak errana zuen Lapurdiko kostaldeko herrian kokaturiko Hôtel du Palais-en lanetarako buxetak ez zituela 50 milioiak gaindituko. Alta, uztailaren 30ean iragarri zuen hautaturiko Hyatt hotel-katearekin proiektuak 65 milioiko balioa izanen zuela. Hori da Four Seasons aitzineko taldeak aurreikusitako kopurua, baina harekin negoziazioak eten egin ziren.

Pasa den urriaren 12an Mediabask-ek argitaratu zuen artikuluan, oposizioko Jean-Benoît Saint-Cricq hautetsiaren argudioak berresten ziren. Saint-Cricq auzapezak aurkezturiko proiektuaren aldekoa da. 79,9 milioi euroko balioa duen proiektua aurkeztu zuen, gisa honetan banaturik: lanen balioa (56 milioi), heste kostuak (4,4 milioi), zergak (0,6 milioi), zorren ordainketa (11,8 milioi), finantziazio gastuak (3,4 milioi) eta aitzin finantziazio bermeak (3,6 milioi). Hautetsi guziek ikusi ahal izan dituzten kopuru hauek 600 orrialdeko txostenaren 48. orrialdean ageri dira.

Mediabask-ek Socomix enpresaren zuzendaritzako kideei igorri zaien txosten konfidentziala eskuratu ahal izan du. Txostenaren arabera, herriko etxearen azken buxeta 85,6 milioi eurokoa litzateke, Saint-Cricq-ek aurkezturiko alimaleko buxeta baino 5,7 milioi gehiago. Dokumentu honen bidez Biarritzeko Herriko Etxeak banketxeekin 50 milioi euroko mailegua lortu du.

Orain heste gastuak 7,9 milioikoak izanen dira, ez hautetsiak aurkeztu zituen 4,4koak. 3,5 milioiko alde hau azaltzeko, proiektua defendatzen dutenek diote 2019ko uztail eta agorrilean Hôtel du Palais-en jarduerak dirua ekarriko duela, gastu horiek berdintzeko gisan. Ikustekoa da aurreikuspen hori beteko den ala ez.

Mediabask-ek Socomix-en diren hiru hautetsiri kopuru hauek baieztatzea eskatu die. Hastapenean enpresako zuzendariek informazio hori ez emateko betebeharra zutela erran zuten, baina kazetak txostena zuela jakin bezain fite, jarrera aldatu zuten. Guillaume Barucq auzapezaren ondokoaren hitzak dira hauek: “soilik erraten ahal dut ez ditudala zifra horiek ukatuko. Ez du zentzurik mundu guziak ez jakitea. Guk guhaurrek zifra errealak komunikatzea galdegiten dut.” Socomix-en zuzendari ere badiren Virginie Lannevère eta Anne Pinatel argiago mintzatu dira: “proiektuaren zifra errealak hauek direla baieztatzen dizuegu”.

Saihestezineko gainkostuak izanen direlarik, proiektuaren kontra direnak beldur dira azken buruan operazio hau ez ote den 100 milioira iritsiko. “Nork ordainduko du alde hau?”, galdegiten dute.  Superabita bere gain hartzeko prest egoten ahal den bakarra JC Decaux Holding inbertitzailea dela dirudi. Baina honek ez ditu kontrakoak lasaitzen, uste baitute holdingak hotelaren kontrola hartuko duela. Beharbada uste baino lehen.