Kazeta

2019ko Zokoa Munduan besta prestatzen hasiak dira

Harremana elkarteak maiatzean Zokoa Munduan izeneko besta kulturala antolatu ohi du. Heldu den urtekoa hirugarren edizioa izanen da eta oraindik data finkatu ez badute ere, jadaneko prestaketa lanetan hasiak dira.

Heldu den urtean ospatuko dena hirugarren edizioa izanen da.
Heldu den urtean ospatuko dena hirugarren edizioa izanen da.

Zokoa Munduan bestak proiektu kultural eta karitatedunen inguruan aritzen diren elkarteen parte hartzearekin osatzen du bere urteroko hitzordua. Maiatzean Zokoan iragaten den egun hau 2019an hirugarren aldiz eginen da eta Harremana taldeak prestaketa lanei ekin die.

Besta honek euskal kulturaren eta munduko hainbat kulturen arteko hurbiltze bat proposatzen du, elkar ezagutzeko eta norberak bere kultura besteei ezagutarazteko xedez. Belaunaldi guzien parte hartzea bilatzearekin batera, eskualdeko ekoizpenak sustatuz tokiko gastronomiari ere garrantzia eman nahi zaio.

Aitzineko bi edizioetan elkarte ainitzek lagundu dute Zokoan Munduan besta aniztasun eta aberastasunean ospa zedin. Horien artean herri kirolariak, dantza elkarteak, elkarte kulturalak, gaztetxea, Eusko moneta, besta komitea, begiraleak eta beste hainbat. Iaz orotara hogeita hamar taldek parte hartu zuten.

Besta egunaren irabaziak elkartasun eta karitatezko elkarte bati ematen zaizkio. 2016an Haitiko haurrak eskolatu eta elikatzeko lanean aritzen den “Ile aux enfants d’Haïti” elkartearentzat izan ziren. 2017an berriz, Saharako herria ohoratu zuten, zehazki “Basmat Jair” emazteen elkartea lagunduz.