Kazeta

Osasun sistemak aztergai Kanboko mugaz gaindiko jardunaldian

Urriaren 23an Kanbon erizain laguntzaileen formazioaz arduratzen diren institutuen arteko lehen jardunaldia eginen da. Mugaz gaindiko topaketa hauetan, euroeskualdea osatzen duten Akitania, Nafarroa eta Euskadiko osasun sistemak izanen dira aztergai.

Kanbon izanen da institutuen arteko lehen jardunaldia.
Kanbon izanen da institutuen arteko lehen jardunaldia.

Mugigain egitasmoak erizain laguntzaileen formazioan dabiltzan institutuen arteko mugaz gaindiko harremanak sustatzen ditu. Azken urteetako hainbat harremanen ondotik, molde honetako lehen jardunaldia antolatzea deliberatu dute. Urriaren 23an izanen da Kanboko AIEC gelan, goizeko 9etatik landa.

Bilkura honetan Akitania, Nafarroa eta Euskadiko autonomia erkidegoko osasun sistemak aztertuko dituzte. Ekimena euroeskualdearen dinamikaren baitan kokatzen da.

Goizez iraganen den jardunaldian, lehenik Mugigain proiektua aurkeztuko dute. Ondotik, Jean-Jacques Romatet unibertsitate- ospitale zentroetako zuzendari nagusi ohi eta osasun aholkulariak osasun sistemei buruzko hitzaldia emanen du. Elkar ezagutzarako aukera ere eskainiko dute, tartean Arnaga etxera eginen duten bisitarekin.

Mugigainen xedea

Proiektu honen helburu nagusia da Akitania, Nafarroa eta Euskadik osatzen duten euroeskualdean erizain eta zaintzaile profil bat garatzea. Azken urteetan erabiltzaileen mugaz gaindiko mugimendua emendatu dela eta, erizain laguntzaile profesionalen beharra ere erreala da. Ipar Euskal Herrian bereziki haurdun diren emazteei begirakoa da behar hori, baina baita adineko pertsonekin lan egiten duten egituretan ere.

Xede hori lortzeko, Mugagainek baitezpadakotzat jotzen du, besteak beste: konpetentzia komunak eta ezberdintasunak aztertzea; osasun sistemen ezagutza hobetzea; hiztegi profesional berezitua finkatzea; zaintzaileen berezitasun kultural eta soziologikoak identifikatzea; edo langileei mugikortasunean orientazioa ematea.

Hizkuntzari lotuta, egun formazio profesionalean erizaintzarako hiztegia eta lurraldearen ezaugarriak ez dira ikasten. Gero eta gehiago dira, haatik, profesional elebidunak (frantsesa- gaztelania) eta hirueledunak (frantsesa- gaztelania- euskara) xerkatzen dituzten osasun zerbitzuak. Hortaz, euroeskualdeko hizkuntzen ezagutza eta erabilera garatzea beharrezkotzat jotzen du Mugigainek.