Kazeta

Etxaldeetara bisita, bakantzetarako Idokiren eskaintza

Idokik bere sareko lau etxalde ezagutzeko parada eskainiko du Omiasainduko bakantzetan. Urriaren 20, 24, 25 eta 26an izanen dira bisitak eta etxalde bakoitzean itzulia eginen da laborariekin eta jokoen bidez.

Idokik baserrian ekoizturiko mozkinak saltzen ditu.
Idokik baserrian ekoizturiko mozkinak saltzen ditu.

Omiasainduko bakantzen denboran familientzat plan proposamena egin du Idoki Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteak. Bere sareko lau etxalde eta kalitatezko ekoizpenak ezagutzeko aukera emanen du. Goizeko 10etatik eguerdira arte iraunen duten itzulietan, etxaldeen bisita pedagogikoa, jokoak nahiz desafioak eta jastaketa tailerrak prestatu dituzte goiz goxo bat pasatzeko gisan.

Urriaren 20an sasiko ardia, Ezpeletako biperra, arto gorria eta fruituak ekoizten dituen Ezpeletako Belazkabieta etxaldea bisitatu ahalko da. Urriaren 24an Arnegiko Pelloeneak hartuko du lekukoa, bere ardi, xerri eta gasnen artean. Biharamunean Amenduzeko Mantenuniaren txanda izanen da, gisa bereko kabala eta ekoizpenekin. Azken hitzordua 26an iraganen da, fruituak, erreximentak, zukuak eta siropak lantzen dituen Aldudeko Mamiño etxaldean. 

Bisitak hamabi euroko balioa izanen du helduentzat, lau euro sei urte goitiko haurrentzat eta urririk sei urtepekoentzat. Etxalde bakoitzean gehienez hamabi laguneko taldea osatuko da. Interesa duenak 07 68 54 92 05 telefonora deitu besterik ez du.