Kazeta

Donibane Lohizuneko kultur gune berria, 2021erako

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak kultur gune berrirako proiektua aurkeztu du. Egitasmoak bostehun jarlekuko antzoki bat, musika ikasteko espazioak eta antzerki nahiz dantza klaseetarako gelak jasotzen ditu, besteren artean. 2021eko udazkenean espero da ateak zabaltzea.

Donibane Lohizuneko kultur gune berriak 8,5 milioi euro balioko du. ©Gaizka Iroz
Donibane Lohizuneko kultur gune berriak 8,5 milioi euro balioko du. ©Gaizka Iroz

Donibane Lohizunen eginen duten kultur gune berria Herriko Etxearen egitasmo nagusietariko bat izan da hastapenetik. Harrien Baïtan auzoan kokaturiko proiektua definitu dute jadaneko eta lanekin 2019ko azarotik landa hasiko dira. Bostehun eserlekuko antzokia (xutik 1.250 lagun sartzeko gisan), antzerki eta dantza klaseetarako gelak, musika eskola eta artistentzat bizitegi bat ukanen dituen guneak 8,5 milioi euro balioko du, zergak kontuan hartu gabe.

Urriaren hastapenean egindako aurkezpenean, guneak arte eszenikoetan aritzen diren hogei elkarte inguru eta 186 ikasle zein 13 irakasleko musika eskola hartuko dituela iragarri dute. Artista eta ikasle gazteekin batera, kultur espazio berria bizi eremuko herritar guziek erabili ahalko dute.

Pello Etcheverry kultur sormen, ekintza eta berrikuntzarako auzapezaren delegatuak erran duenez, “musika, antzerki eta dantza eskoletako ikasle, irakasleak eta ikusleak elkar topatzeko leku bat sortu nahi dugu. Gure anbizioa Donibane Lohizunen kulturaren leku bizi gisa identifikatua izatea da”.

Proiektu hautatua eta bere ezaugarriak

Kultur gunea egiteko lanak Dominique Coulon arkitektoaren kabineteari esleitu zaizkio. Lehiaketara 82 hautagai aurkeztu ziren eta 2018ko ekaineko azken hautapenean, Estrasburgoko arkitektoaren proiektua gailendu zen. “Elementu ainitz kontuan harturik, aho batez hautatu zen egitasmo hau”, azaldu du Jean-François Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapezak.

Eraikina eskultura-obra plastiko bat izanen dela eta aitzinaldeetan bi material noble eta iraunkor erabiliko direla iragarri dute: zuriz tindaturiko betoia eta berina. Barnealdeari dagokionez, bi espazio nagusi egonen dira. Ekialdean antzokia eta mendebaldeko eskualdean, berriz, musika eskola, antzerki eta dantza ikasteko gelak.

Espazio guzien arteko lotunea “agora” deituriko atari zabala izanen da, elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko leku gisa. Nonbait, gunearen bihotza izan nahi duena. Coulon arkitektoak berak errandakoaren arabera, irekidura handiek argi naturala estai guzietan bermatu eta iparraldean izanen den lorategia ikusteko parada emanen dute. Preseski, lorategian aterpe gabeko antzoki tipi bat ere izanen da.