Kazeta

Baldintzapeko askatasun eskaera berri bat Jakes Esnalentzat

Jakes Esnal euskal presoak egindako bigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertuko du justiziak urriaren 10ean. Auziaren karietara, Bagoaz kolektiboak elkarretaratze bat antolatu du asteazkenerako Donibane Lohizunen.

Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasunaren aldeko elkarretaratzea Donibane Lohizunen. © Bon EDME
Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasunaren aldeko elkarretaratzea Donibane Lohizunen. © Bon EDME

Bigarren aldia da Jakes Esnalek baldintzapeko askatasun eskaera aurkezten duela. Justizia frantsesak bere galdea aztertuko du urriaren 10ean. Auziaren egun berean, euskal presoa askatzeko fermuki eskatuko du Bagoaz kolektiboak. Horretarako, elkarretaratze bat antolatu du asteazkenerako 19.00etan Donibane Lohizuneko tren geltokian.

Badira hogeita zortzi urte preso dagoela Jakes Esnal. Ion Kepa Parot eta Xistor Haranburu bezala, bizi osorako zigorrera kondenatu zuen justiziak. Unai Parot euskal presoaren kasuan, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak 40 urtera kondenatu zuen.

Bagoazek deitoratu duenez, orain arte aztertutako baldintzapeko askatasun eskaera guziak ezeztatu dituzte epaileek "argudio politikoak" erabiliz.

Gizarteari mobilizatzen segitzeko deia luzatu dio taldeak. Kondenak bete dituzten presoak zein larriki eri direnak askatuak izatea galdegin du. Halaber, burututako euskal presoen lehen lekualdaketen ildotik, preso guztiak hurbilduak izatea exijitu du.